Ibilaldi luzea goizeko 09:30ean hasiko dute, Golfo Norte tabernako aparkalekutik abiatuta. Ibilbidea zirkularra izango da: leku berean izango dira-eta irteera eta helmuga. Ibilaldi laburra, ostera, 11:30ean hasiko dute, leku beretik. Irtenaldi horietakoren batean parte hartu gura dutenek aldez aurretik izena eman beharko dute, hilaren 12a baino lehen, Udaleko kultur gunean. Hala ere, egunean bertan ere eman ahal izango dute izena 08:30etik aurrera, Golfo Norteko aparkalekuan.
Arduradunek jakinarazi dutenez, izen-ematea doakoa izango da, eta parte-hartzaile guztiek «detailetxo» bat jasoko dute ibilaldien amaieran. Era berean, mendi-ibilaldiak amaitzean, pintxo-pote herrikoia egingo dute Golfo Norte, Iparralde, Barrikako Batzokia eta Cantabrico tabernetan. Parte hartzaileek doan jan ahal izango dituzte mokadutxoak; ostera, antolatzaileek azaldu duten legez., bestela bertaratzen direnek mokaduak ordaindu egin beharko dituzte.
Gazteentzako pintura lehiaketa
Mendiko ibilaldi bi horiez gainera, neska-mutil gazteei begirako margolehiaketa ere antolatu dute egun berean. Hala, 12:30etik aurrera, 0 eta 17 urte arteko neska-mutilek parte hartu ahal izango dute Gazte Margolarien Aire Zabaleko lehiaketan. Iparralde eta Barrikako Batzokia tabernen ondoko aparkalekuan egingo da lehiaketa. Oinarriak laster emango dituzte ezagutzera Barrikako Udalaren webgunean.