Jose Vicente Garcia Casado alkateordearen berbetan, “sistema horrek segurtasuna indartuko du, eta saihestuko du udalerrian kableak lapurtzen jarraitzea”. Garciak azpimarratu duenez, ebasketa horiek “Udalari kalte ekonomiko handia” egiten diote.
Azken urte bietan bakarrik, Barrikan 40.000 euro baino gehiago galdu dira sare publikoan ebatsitako kableengatik. Halere, diruak baino gehiago, kezka sortzen dio: “lapurreta horiek gure auzokideen segurtasunean duten eraginak, kaltetutako eremuetan behin-behinean argiztapen barik geratzeagatik”. Pasa den astean hasi ziren sistema berria aginte-zentroetan ipintzen, udalerriko kanpoaldetik hasita. Barrikan ipiniko duten sistema beste udalerri batzuetan ere martxan dago, daborduko.