Era berean, Abaroak tenis- eta padel-ikastaro trinkoak antolatu ditu uztailerako. Tenis-saioak osagarriak izango dira campusagaz, arrastian izango baitira, astelehenetik eguaztenera, ordu bateko lehia-saiotan. Bertan umeek, gazteek zein helduek parte hartzeko aukera izango dute, mailakatutako talde txikietan. Lehiaketa-saio bereziak ere izango dira, estreinako aldiz, 90 minutukoak. Padel-ikastaroak, ostera, goiz zein arrastiz egingo dituzte, 16 urtetik gorakoentzat. Izen-ematea zabalik dago.
Campusa
Campusaren hiru ardatzak tenisa, mota askotako kirola eta ingelesa izango dira, eta elkarbizitzagaz batuko dituzte. Jagoleakaz batu eta ekimenetara abiatzeko, umeek eta gaztetxoek Barrikako udaletxearen aurrean egon beharko dute, egunero goizeko 9:30ean, eta gurasoak haien bila pasatu ahalko dira 14:00etan. Bitartean, neska-mutilak talde txikietan txandakatuko dira, bi kirol mota eta ingelesa praktikatzeko. Halere, izango dituzte elkarregaz egoteko tarteak, goizeko 11:30eko hamaiketakoa, esaterako.
Interesdunek 185 euro ordaindu beharko dituzte, Laboral Kutxan, hamabostaldi batengatik; edo 345 euro, hamabostaldi birengatik; hasierako astea 105 euroan utzi dute. Abaroaren webgunetik inskripzio-fitxa jaitsi eta bete ostean, elkartearen posta elektronikora igor daiteke, ordainagiriagaz batera. Era berean, badago eskuz ematerik. Antolatzaileek iragarri dutenez, txanda bakoitzean leku-kopuru mugatua izango da, zortzi umeko lau talde besterik ez baitituzte egingo. Gaztetxoak izena-eman duten dataren ordenan onartuko dituzte.
Begirale denek dagokien tituluaren jabe dira eta campusak erantzukizun zibileko asegurua dauka. Campusaz edo ikastaroez argibide gehiago izateko, honako bideak jorratu daitezke: barrikatenistaldea@gmail.com eta 655 709 693 (Alberto).