Roberto Muñoz alkateak zehaztu duenez, ez dituzte estra zehatzik kontratatuko Barrikako grabaketarako. Izan ere, Zumaia eta Bermeorako castingean aukeratutako berberek parte hartuko dute eskualdean. Hala ere, Udalak iragarri du grabaketa-lanetan parte hartzeko aukera egongo dela: 20 lagun behar izango baitituzte, mugatutako eremuak zaintzeko eta hainbat zerbitzutako laguntzaile izateko.
Grabaketa dela-eta, telesaileko taldea hiru hilabetetan zehar Bizkaian izango da.
Bermea Bilbao Bizkaia Film Commission taldearentzat
Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak, Bilbao Bizkaia Film Commission-aren sustatzaileak, "Game of Thrones"ek Bizkaia agertoki gisa aukeratzeagatik poztasuna adierazi dute. Jarduera horrek hazteko gaitasuna du eta jarduera ekonomikoan, enpleguan, turismoan eta Bilbao-Bizkaia markaren proiekzioan eragin positiboak izango dituela uste dute bi erakundeek.
HBO kateak Bizkaiaren alde egindako apustua bermea izan da Bilbao Bizkaia Film Commission taldeak egiten duen lanari begira, ikus-entzunezko produkzioak erakarri eta kudeatzeri begira, alegia. Zerbitzu hori hiriko Udalak eta Foru Aldundiak bultzatzen dute, eta 2015eko otsailean sortu zen Bilboko eta Bizkaiko apustu estrategiko bezala, ikus-entzunezko industrian sendotzeko. Helburu horregaz, zerbitzu horrek erakundeen konpromisoa, segurtasun juridikoa, kudeaketan konfiantza eta arreta pertsonalizatua ziurtatzen ditu. Bilbon eta Bizkaian filmatzeko interesa duten nazioarteko, Estatuko eta tokiko proiektuetarako "leihatila bakar" gisa dihardu Bilbao Bizkaia Film Commission taldeak.
Estrak aukeratzeko castinga
"Game of Thrones" telesailari lotutako enpresek jakinarazi dituzten datuen arabera, urriaren 26an hainbat eszena grabatuko dituzte Zumaiako Itzurun hondartzan. Horretarako, Gipuzkoako herri horretan zabalduko dute astelehenean, hilaren 5ean, grabaketa-lanetan parte hartzeko lan-poltsa. Estra jarduteko, berriz, castinga egiteko ardura hartu duen enpresak jakinarazi du urriaren 5ean zehaztuko duela zelan kontratatuko dituzten euskal kostaldean zehar grabatuko diren eszenetarako figurante guztiak.