Koalizio abertzaleak gogora ekarri duenez, urte hauetan guztietan EAJk "entzungor" egin izan die proiektu hori geldiarazteko herritarren eskaerei. "Are gehiago, epaitegietatik proiektu honen kontra etorri zaizkien ebazpen eta aginduei ere muzin egin izan die, beraien interesak kosta ahala kosta aurrera ateratzeko", gaineratu dute.
Hori dela-eta, EH Bilduk azaldu du Barrikako eta Bizkaiko herritar guztiek 1,5 milioi euro ordaindu beharko dituztela, "babestutako eremu batean 85 txalet eta 12 Babes Ofizialeko Etxebizitza eraikitzeko egindako birkalifikatze ilegalaren ondorioz".
Hori denagatik, koalizio abertzaleak "ardura politikoa" exijitu dio EAJri, eta dei egin dio "bezerokerian" oinarritutako kudeaketa eredua albo batean uzteko. Halaber, herritarren diruaren erabilera publikoa "erabat garbia" izan beharko lukeela jakinarazi du; "ez gaude inola ere prest EAJk sortzen dituen zuloak ordaintzen segitzeko".