Barrikako Udalak eta Aldundiak hilabete bi dauzkate Barrikabasoko kalte-ordaina negoziatzeko

Iker Rincon Moreno 2017ko urt. 25a, 11:55

Babes bereziko gune izendatuta dago Barrikabaso ingurua.

Barrikako Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak hilabete bi dauzkate Barrikabaso auziagatik 1,5 milioi euroko kalte-ordaina zelan ordainduko duten negoziatzeko. EH Bildu eta Orain Barrika udal-taldeek "erantzukizunak eskatu" dituzte eta argi utzi gura izan dute udaleko diru-kutxak milioi bat euroko aurrekontua daukala, eta "ezin duela kalte-ordain horri aurre egin".

Barrikabasoko kalifikazioak ontzat hartzen zituen foru-agindua atzera botatzeak eragindako kalteengatik, Astarloa 91, Arne Muriola eta Abandonada Muriola enpresek 24,6 milioi euroko kalte-ordaina eskatu zuten. Halere, Auzitegi Gorenak onartutako kalte-ordaina txikiagoa izan da: 1,5 milioi eurokoa, 230.631 euro Muriola sektoreko kalteengatik eta beste 1.290.033 euro San Telmokoengatik.  

"Hilabete biko negoziaketa-epea zabaldu da. Gainera, kalte-ordain osoa instituzioetako batek ordaintzea eskatu dezakete enpresa sustatzaileek", azaldu du Asier Garcia EH Bilduko zinegotziak. Dioenez, Aldundiak "bideak ditu" zorrari aurre egiteko, "egia da ardura instituzio bietakoa dela, baina kalte-ordaina Barrikako Udalaren urteko aurrekontua baino handiagoa da, eta ezin dugu Udalaren jarraikortasun-ekonomikoa hipotekatu EAJren inkonpetentziagatik", deitoratu du.

Heri Lago-Lekue Orain Barrika taldeko zinegotziak, bere aldetik, adierazi du alkatearen eta alkateordearen dimisioa eskatuko dutela.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun