Bestalde, Kaliforniako kazetarien galderei erantzunez, Rahmek azaldu zuen ona dela ikasketak eta golfa bateratzea: "posiblea da golfean jokatzea, karrera bat ateratzea, kirolari handia izatea eta ni heldu naizen lekura heltzea. Ez da arinegi jokatu behar. Ikasi beharra dago; nork bere burua hezi behar du; ondo pasatzea ere beharrezkoa da. Izan ere, bizitza oso luzea da: ikasketak 22 urtegaz bukatu ditut eta oraindino bizitza osoa daukat aurretik".
Eguenean Farmers Insurance Opena abiatu aurretik, jokalari barrizkotarrak abisatu zuen "ilusioz jokatuko" zuela, "lehenengo postuetan geratzeko irrikaz", sariketa hori profesional gisa jokatuko baitzuen lehenengo aldiz. Aurretik egona zen, 2008an US Openean lehiatzen. Gainera, Torrey Pines zelaia AEBko "nabarmenetariko bat" dela azaldu zuen; aipatu zuenez, "Tiger Woods zortzi aldiz izan da hemen txapelduna". Atzokoan, Rahmek Tiger Woodsen marka bat berdindu zuen, azken zuloan eagle batez irabaztearena. Halere, San Diegora umiltasunez hurbildu zen gaztea, "hainbat kontu hobetu behar" zituela jakitun.