Arrastian, berriz, trikitiaren, karameluen eta pastelen ordua helduko da, Elorduy Egoitzan, 17:30etik aurrera. Zelan ez, egunean zehar, San Blaseko hariak edo kordelak eta erroskillak erosteko aukera egongo da elizara doan bidean egongo diren postutxoetan.
Otsailaren 3an ohikoa da elizara hurreratzea bedeinkatutako opilak eta koloretako sanblas-hariak erosten edo bedeinkatzen. Ohituren arabera, kordelek sama babesten dute neguko hotzeritik. Horretarako, bedeinkatutako lokarria samaren bueltan lotuta eroan behar da zortzi egunean, eta bederatzigarrenean erre. Diotenez, hori da urte osoan katarrorik ez izateko modurik onena.
Ohituraren jatorria
Kondairaren arabera, sendatze miragarriengatik egin zen ezagun Blas Sebasteko apezpikua; pertsonak zein animaliak osatzen zituen. Behin, eztarrian arrain-hezur bat trabatuta itotzen zebilen ume bat sendatu ei zuen, eskuak bere lepoan ipini eta gero. Bestalde, gaixo zeuden animaliak ere hurreratzen ei zitzaizkion osa zitzan; baina, otoitz egin bitartean, ez zioten trabarik egiten. Horren guztiaren ondorioz ohikoa edo ohitura ei da santu horri eztarria babes dezala eskatzea urtero, otsailaren 3an; hala, bedeinkatutako hariak saman zintzilikatu, urte osoan katarroetatik babesteko.