Arturo Aldecoa Talde Mistoko batzordekidearen iritzian, Bizkaiak ondare geologiko "berezia eta interesgarria" dauka, baina "gutxi ezagutzen da". Bere ustean, ondare hori interesgarria izango litzateke "turismoa erakartzeko". Hala, Barrikan eta Gaztelugatxen errodatu zen "Game of Thrones" moduko telebistako serieen "bultzada positiboa" baliatu beharra dagoela uste du, "hezkuntzan eta kulturan oinarritutako turismoa" eraikitzeko. "Jendeak, Guggenheim museoan edo Arte Ederretakoan pentsatzeaz gainera, gure paisaiak ere eduki daitezke buruan”, azaldu zuen.
Talde Mistoaren proposamena "interesez" jaso zuten Batzarretako gainerako taldeek. Ahal Dugu eta PP izan ziren botazioan abstentzioa eman zuten bakarrak, arrazoi ezberdinengatik. Iñaki Andrés popularrak adierazi zuenez, bere taldearen "zalantzak", halako azterlanak egitearen "kostuaren eta eraginkortasunaren" ingurukoak dira. Ostera, Ahal Dugu taldeko Nuria Atienzak esan zuenez, bere taldea abstentzioa eman zuen, gai horren inguruko "azterlan asko" dagoelako daborduko, eta, bere esanetan, azterlan horiek "baliatu daitekezkelako" ibilbide turistikoak sortzeko.
Talde sozialistaren berbetan, azterlana egitea "interesgarria" da, "ibilbide turistiko eguneratuaren" diseinura eroan daitekeen katalogoa osatu ahal izateko. Hala, Ignacio Jerónimo batzordekidea bat etorri zen Arturo Aldecoaren proposamenagaz, Eusko Jaurlaritza izan dadin Euskadiko Autonomia Erkidego osoa barruan hartuko duen azterlanaz arduratuko dena. Aldecoak, Araba eta Bizkaia artean dagon Gorobel mendilerroa jarri zuen gune "komunen" adibide moduan.
Barrikan, ondare geologikoa ezagutarazten
EH Bilduk, bere aldetik, ekimenak Gipuzkoako lurraldean aurrera eroandakoaren "bideari jarraitzen diola" adierazi zuen. Gogorarazi zutenez, Gipuzkoan euskal kostaldeko "Geoparkea" eratu zen, Mutriku, Deba eta Zumaiako udalerriak hartuz. Estatu espainiarrean dauden zortzi geoparkeetako bat da. Hala, Mikel Bagan jeltzaleak, Uribe eskualdean, Barrika inguruneko ondare geologikoa ezagutarazteko lantzen dabilen sustapeneko egitasmoa ere adibide moduan jarri zuen.