Oihan Aizpuru 16. postuan amaitu da Munduko SUP Txapelketan

Iker Rincon Moreno 2017ko ira. 8a, 18:37

Aizpuru, atzoko saioan. © SEAN EVANS - ISA

Oihan Aizpuru surflari barrikoztarra pasa den eguaztenean estreinatu zen Munduko SUP Txapelketan, Danimarkako Cold Hawaiiko uretan. 18 urteko gazteak 16. postua erdietsi zuen atzo, SUP Surfing modalitateko final-laurdenetara sailkatu ondoren. "Nire lehenengo munduko txapelketa izateko oso gustura egon naiz egindako lanagaz", azaldu zuen Aizpuruak, irribarretsu.

Aizpuru 6 urte zituela hasi zen surf egiten, Sopelan. Orain dela urte bi ekin zion lehen aldiz SUP modalitateari, Zane Schweitzerrek Hawaiin erakutsi ondoren. Gaztea izan arren, daborduko, bere historia sariz beteta dago. Hala, gazte-mailako Espainiako txapeldunordea izan zen orain dela bi urte, eta Espainiako txapelduna ere izan da maila absolutuan. Horri Europako 5. postua eta munduko 16.a gehitu behar zaizkio.

Westdorp eta Diniz, txapeldun

Proba Shakira Westdorp australiarrak eta Luiz Diniz brasildarrak irabazi zuten. Westdorpek iaz Fijin lortutako urrezkoa berretsi zuen. Australiarrak azpimarratu zuen "emakumezkoek erakutsi duten maila SUP Surfing Txapelketa honetan izugarria" izan zela eta, hala "irabazi izana benetan oso berezia" egin zitzaiola: "ezin harroago nago!". Dinizen kasuan, ostera, ezustekoa izan zen bere garaipena, lehiakide berria eta ezezaguna baitzen. Azaldu zuenez, asko kosta zitzaion Danimarkara bidaiatzeko babeslerik topatzea.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun