Historiaurrean murgiltzeko bost ibilbide prestatzen dabiltza Barrikan

Iker Rincon Moreno 2018ko ots. 12a, 10:56

Barrikako ondare arkeologikoa, geologikoa eta kulturala ezagutarazteko bost ibilbide proposatu ditu Iñaki Libano barrikoztarrak. Horiek denak biribiltzen dabil orain, baina Aste Santurako baten bat martxan jartzea aurreikusi du.

Jakina da Uribe Kostak ikaragarrizko ondare arkeologiko, geologiko eta kulturala duela; hala ere, adituek diotenez, oraindino ez da hori dena behar bezala ikertu, ezta gizarteratu ere. Iñaki Libano Edestiaurre Arkeologia Elkarteko kide barrikoztarrak urteak daroatza eskualdeko inguruak arakatzen, eta garrantzi handiko hamaika aztarnategi aurkitu ditu berton, Barrikan batez ere: “Kantauri isurialdean historiaurreko aztarnategi gehien dituen lekua da Barrika”, azaldu du. Leku horiek denak balioan jarri gura ditu adituak; hori dela eta, jendeak horren nondik norakoak bertatik bertara ezagutzeko bost ibilbide proposatu ditu. Iragarri duenez, oraindino horiek denak biribiltzeko lanean dabil, Barrikako Udalagaz batera; Aste Santurako horietako baten bat martxan jartzea aurreikusi dute.

Ibilbide horiekaz, ideia da, historiaurreko aztarnategiak ezagutarazteaz gainera, inguruko aberastasun geologikoa eta kulturala ere ikustaraztea. Horretarako, proposatutako ibilbide denetan gaiari lotutako adituren bat ere parte hartzea gomendatu du Libanok, ibilbideak gidatu ahal izateko. Modu horretan, “kostaldeko bide ikusgarrietaz gozatzeaz gainera, horietan parte hartzen dutenek duela 200.000 urte osatutako kokalekuak zelan eta zer dela eta osatu ziren ezagutu ahal izango dute”. Izan ere, Barrikan historiaurreko askotariko kulturak ikus daitezke, Behe Paleolitotik (gizakiaren garairik zaharrena) erromatarren garaira arte, besteak beste. Era berean, Libanoren ustetan, “oso garrantzitsua” da parte-hartzaileek jardunaldi horietan elkarri eragitea. Horretarako, ibilbideen amaieran askotariko jarduera praktikoak proposatu ditu, hala nola suharriaz sua egiten ikastea, propultsatzaileakaz lantzak botatzea edo silexa lantzea.

Bost ibilbide, Barrikan

Iñaki Libano barrikoztarrak proposatutako bide denek dute abiapuntua Elexaldeko plazan. Lehenengoa Zabaletxe baserrira artekoa da. Bidean, historiaurreko gizakiek erabiltzen zuten silex-harrobia ikusi ahal izango da, baita Barrikako flyscha ere. Libanoren arabera, Zabaletxe interes handiko lekua da inguruko historiaurrea ezagutzeko. J. M. Barandiaranek leku hori arakatu zuen 1959an, eta aztarnategia aurkitu zuen bertan. “Kalkolito garaiko hainbat zantzu aurkitu zituen, duela 40.000 urtekoak”. Bigarren ibilbidean, ibiltariek lurmuturrak eta bertako estratu geologikoak ezagutuko dituzte. Era berean, Margarita Muñozek 80ko hamarkadan egindako indusketak ikusi eta horren nondik norakoak azalduko dituzte. Kurtzion, gainera, udalerriaren eta inguruko aztarnategi denen ikuspegi orokorra izango dute. Hirugarren proposamenean, itsas-sedimentuen estratuek osatutako flyscha ezagutaraziko dute. Era berean, silexa zelan osatu zen ikasi ahalko da, baita material hori zelan lantzen zuten ezagutu ere. Laugarren ibilbidean, Muriola kalara hurbilduko dira ibiltariak. Bertan, artzain zaharrek eratutako kokalekuez berba egiteko aukera egongo da; izan ere, Neolito garaiko kultura eskualde osora hedatu zen, baita Muriolara, duela 65.000 urte. Azkenik, bosgarren aukeran, Aranbaltzako basora hurbilduko dira ibiltariak. Bertoko zuhaitzak ikusteaz gainera, Aranbaltzako aztarnategia ezagutzeko aukera egongo da, azken lau urteotako emaitzen garrantzia azaltzeko. Ondoren, Urgoso ibaiko ibilgua jarraitu eta Lastarri errotara jarraituko du bideak. Bertan, uraren indarra erabiltzen zen antzina irina egiteko. Errota hori ezezaguna da askorentzat, baina oso ikusgarria da, ura hartzeko azpiegitura osorik duelako, besteak beste.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun