Boluntarioak zarete denak, zer dela eta erabaki duzue jai horien antolakuntzan parte hartzea?
Egiten dugun lana boluntarioa da eta ez dugu beste era batean planteatu nahi. Izan ere, Barrikako jai-batzordea jai-eredu parte-hartzaileago eta zabalago batez gozatzeko asmoarekin jaiotako egitasmoa da. Zeregin honetan hasi aurretik, Udaleko Kultura Sailak antolatzen zituen jaiak, herritarren parte-hartze eskasarekin. Gaur egun, ordea, adin guztiei zuzenduriko egitaraua dugula esan dezakegu, festa-gune parte-hartzailea eta parekidetasuna sustatzen duena, sanjoanak barrikoztar oro elkartzen garen ekitaldia bihurtuz.
Zahar, gazte... Adin denetako partaideek osatzen duzue jai-batzordea. Etorkizun hurbilean lekukoa hartuko duenik badago herrian?
Ufa... hori bai galdera zaila! Batek daki etorkizunean zer gertatuko den... Horixe espero eta desiratzen dugu bai; gero eta jende gehiago animatzea gustatuko litzaiguke, ideia berri eta freskoekin. Ateak zabal-zabalik ditugu jai-batzordean. Parte hartu nahi izatekotan, hona hemen gure helbide elektronikoa, idatzi egiguzue inolako arazorik gabe: barrika.j.b@gmail.com.
Berritasunik egongo da aurten jaietan?
Aurtengo jaiak jasangarritasunean eta ingurumenarekiko errespetuaren garrantzian oinarritu ditugu. Horregatik, plastikoari planto egingo diogu, material horren erabilpena murriztuz eta aukera dagoen heinean berrerabiliz. Jadanik joan den urtetik, herri-bazkari denetan (saiheski- eta sardina-jana…) plastikozko platerak emateari utzi genion. Ildo horretatik, aurten bestelako neurriak hartu ditugu eta jai-programan baliabideen jasangarritasuna sustatzen dituzten ekintzak barneratu ditugu.
Nor gonbidatu duzue aurten San Juan gaueko suaren ikuskizunerako?
Aurten Bizkaia mailan su- eta perkusio-espektakuluetan nagusi den konpainietako bat izango dugu Barrikan: Deabru Beltzak. Ikuskizun berria dakartzate, beraz, hurbildu zaitezte ekainaren 23an Barrikara ikuskizun paregabeaz gozatzera!
Barrikako San Juan jaien eta beste festa askoren egitarauen berri izateko, deskargatu gure app-a, doakoa da!
Android sistemarako:
https://play.google.com/store/apps/details?id=acvmultimedia.hiruka&rdid=acvmultimedia.hiruka