Barrikako txikienek Txiki PIN parkeaz gozatzeko aukera izango dute aurten abenduaren 24tik urtarrilaren 1era arte. Udaletxearen aurrean dagoen karpan ezarriko dute jarduera hori. Horren harira, Roberto Muñoz Barrikako alkateak adierazi duenez, “helburua da neska-mutilek hainbat jarduera egin ahal izatea udalerrian, Gabonetako eskola-oporretan”.
Txiki PINa 3-12 urteko neska-mutilei dago zuzenduta, eta irekita egongo da abenduaren 24an, 17:00etatik 21:00etara; eta abenduaren 25etik urtarrilaren 1era, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 21:00etara. Umeen Gabonetako parke horretan doako hainbat atrakzio egongo dira, hala nola ohe elastikoak, makil eroa eta puxika puzgarriak.