David eta Mario Alvarez anaien omenezko monolitoa suntsitu eta Espainiako banderaren koloreez margotu dute

Erredakzioa 2020ko urt. 18a, 19:33

Guztiz hondatuta agertu da Barrikako itsas labarrean David eta Mario Alvarez Peña ETAko militanteen, Eli Barrenetxea Marioren emaztearen eta Iñaki Aurrekoetxea Sope errefuxiatuaren omenez eraikitako monolitoak. Sortuk agiria kaleratu du erasoa gaitzesteko. 

Monolitoak erabat deseginda eta lurrean margotuta zegoen ikurrinaren gainean Espainiako banderaren koloreakaz topatu dituzte. Sortuk idatzi bat zabaldu gertakaria dela eta, honakoa dioena berbaz berba: 

"Batzuek darraite samina ukatzen eta saiatzen dira herri honen zati baten memoria ezabatzen. Aitzitik, Euskal Herriak ez du benetako elkarbizitza ezagutuko sufrimendu guztiak aitortzen ez diren bitartean.

Nahiz eta monolito hau suntsitu, ez dute haien memoria sekulan desagerraraziko. Ezker abertzaleak beti mantenduko du bizirik haien oroimena.

Honekin batera, une honetan, besarkada estu eta bero bat bidali nahi diegu haien senide eta gertukoei. Beti izango gaituzue zuen ondoan!"

David Alvarez 1978an hil zen, Lemoizko zentral nuklearraren inguruan Guardia Zibilagaz izandako tiroketaren ondorioz; haren anaia Mario, berriz, 1981an zendu zen, erabiltzen ari zen lehergailuak eztanda eginda. Marioren emazte Eli Barrenetxea zenari ere gorazarre egiten zioten monolitoek. Iñaki Aurrekoetxea Sope, berriz, errefuxiatuta zegoela hil zen 1996an, Bordelen, gaixotasun autoimmune baten ondorioz.

Haien omenezko monolitoek itxura hau zuten erasoen aurretik:

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun