Iazko dirulaguntzetarako deialdia plazaratu du Udalak

Unai Brea 2020ko urt. 22a, 17:54

2019an egindako jardueren gastuak arintzeko dirulaguntzak emango ditu Barrikako Udalak. Deialdian zehaztu dutenez, interesdunek hil honen amaierara arte izango dute epea dokumentazioa aurkezteko. Euskara ikastea, kultur eta kirol-jarduerak eta errenta baxua dutenek OHZ zerga ordaintzea izango dira laguntzaren sailetako batzuk.

Denera, 25.000 euroko aurrekontua ezarri du Udalak dirulaguntza horretarako. Horietatik, 13.000 bideratuko dituzte balio artistikoa edo sormenezkoa duten intereseko proiektuetara eta kultura edota kirola sustatzeko ekintzetara. Erakunde bakoitzak 2019an gauzatutako hiru proiektu aureztu ahal izango ditu, honakoei lotuta: euskara sustatzea, musika, folklorea, lankidetza-proiektuak. bidaiak... 

Beste 5.000 euro euskara-arloko jardueretara bideratuko dira. Onuradunak 2018-19 ikasturtean euskara-ikastaroren bat egin duten pertsonak izango dira, gutxienez eskolen %90era joan direla egiaztatuz gero, ikastaroa gaindituz gero eta Barrikan erroldatuta egonez gero. Onuradun bakoitzak ikastaroan gastatutako diru-kopuru bera jaso ahal izango du, 600 eurotik gorakoa ez bada, horixe izango baita pertsonako gehienezko laguntza. 

Haurtzaindegi-gastuak dira aurreikusitako beste laguntza-sail bat. Zehazki, 3.000 eurokoa. Honenbestez, Udalak laguntza emango die 0 eta 3 urte bitarteko umeak dituzten eta Barrikan erroldatuta dauden familiei, balorazio-irizpideak betez gero.

Gainerako 4.000 euroak errenta baxuko familiei Ondasun Higiezinen gaineko Zerga (OHZ) ordaintzen laguntzeko izango da, baita 2018ko estolderiaren eta zaborren zergarako ere. Laguntza hori jasotzeko bete behar diren baldintzak Estatuko Aldizkari Ofizialean adierazitakoak dira.

Udal-aldizkari berria

Bestalde, urtarriletik aurrera paperezko aldizkari bat argitaratuko duela iragarri du Roberto Muñoz alkateak. "Barrikan egiten diren ekintza guztiei emango diegu ahotsa, elkarte guztien lana sustatzeaz gainera”, esan du Muñozek. 700 ale banatuko dituzte lehen argitaraldian. Horrez gainera, Twitter eta Facebook sare sozialetan kontu bana ireki ditu Udalak.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun