Roberto Muñoz alkateak gogorarazi du EAJren hauteskunde-programan aurreikusita zegoela AuzoTaxi zerbitzua eskaintzea. "Gure ustez, pandemiaren eragina dela eta, une ezin aproposagoa da hura bultzatzeko, pertsona eta kolektibo ahulenen oinarrizko premiei erantzun ahal izateko", adierazi du. Momentuz, hiru hileko iraupena izango du AuzoTaxik, abuztu amaierara arte. Erabiltzaileak euren etxean jasoko ditu taxiak eta hauetako batera eroango ditu: Larrabasterra eta Plentzia arteko metro-geltoki bat, Barrikako edo Plentziako anbulatorioa, udaletxea edo liburutegia, eta Urdulizko ospitalea. Erabiltzeko ordutegia 07:00etatik 18:00etara bitartekoa izango da.
AuzoTaxi erabili gura duenak bezperan deitu behako du 690 149 490 zenbakira hitzordua egiteko, 07:00etatik 20:00etara. Egin beharrekoaren iraupena kalkulatzea zaila den kasuetan, mediku-kontsultara joatekotan esaterako, gestioa amaitutakoan erabiltzaileek berriro deitu beharko diote taxiari, eta orduan jakinaraziko zaie zenbat itxaron behar duten autoa euren bila joateko berriro. Esan bezala, pertsona bakoitzak egunean bitan erabili ahal izango du zerbitzua, gehienez.