Koronabirusa Uribe Kostan

Udalerriko ekonomia indartzeko 5.000 euro bideratuko ditu Barrikako Udalak

Erredakzioa 2020ko uzt. 6a, 13:14

COVID-19ari aurre egiteko alarma egoeraren ondorioz eten diren edo larriki kaltetu diren jardueren zuzeneko galera ekonomikoaren egoera arintzeko diru-laguntzak onartu ditu Barrikako Udalak. Laguntzok udalerriko enpresa eta merkatarientzako izango dira. Roberto Muñoz Barrikako alkateak adierazi duenez, “alarma egoerak eragindako geldialdiak kaltetutako sektore bati laguntzeko unea da; hori dela eta, 5.000 euro bideratuko ditugu gure herrian beharra duten autonomo eta saltokientzat, jarduerari berriro ekiteko aukera izan dezaten”.

Barrikako Udalak 5.000 euroko kreditua onartu du, aurrekontu-aldaketen bidez eguneratzeko aukera alde batera utzi gabe, eta diru-laguntza eta pertsona bakoitzeko gehienez 500 euro jaso ahal izango dira. Barrikan txikizkako edo ostalaritzako merkataritza-jarduera bat garatzen duten pertsona fisiko edo juridikoek eta autonomoek eskatu ahal izango dute laguntza, baldin eta honako baldintza hauek betetzen badituzte: COVID-19aren ondorioz beren jarduera derrigor eten behar izana, zerga-egoitza udalerrian izatea, eta EJZn alta emanda egotea baztertuta ez dagoen enpresa- edo lanbide-jarduera batean. Gainera, legez eratuta eta dagozkien erregistroetan izena emanda egon behar dute.

Autonomoen kasuan, hauexek dira baldintzak: alarma egoera deklaratzen den egunean afiliatuta eta alta emanda egotea, establezimendua 2020ko martxoaren 14a baino lehen irekitzeko lizentzia izatea, eta, pertsona juridikoen kasuan, deialdiko baldintzak betetzen ez dituzten enpresek zuzenean edo zeharka % 25eko partaidetza ez izatea. Azpimarratu beharra dago laguntza-eskaera bakarra aurkez daitekeela pertsona fisiko, sozietate zibil edo ondasun-erkidego bakoitzeko.

Interesa duen orok eskatu ahalko du laguntza, laburpena BAOren deialdian aurkeztu ondoren, 946 771 062 telefonoaren bidez edo adm@barrika.eus helbide elektronikoan.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun