Ibarraren esanetan, positibo gehienak asintomatiko daude: "Sintomak izan dituzten lau egoiliar joan dira ospitalera, eta une honetan haien egoera egonkorra da, konplikaziorik gabekoa". Probetan birusa atzeman zaien lau langileak etxean daude, eta egoiliarrei dagokienez, solairu berean elkartu dituzte positibo denak. "Ezin dira solairu horretatik irten eta COVIDaren aurkako protokoloak ezarri dira; gainerakoan, ohiko jarduerak egiten segitzen dute", azaldu du. Hori bai, bisitak egoitza osoko erabiltzaileentzat (69 dira denera) etenda daude, behin-behinean.
Egoitzako arduradun nagusiak zehaztu duenez, hala ere, positibo emandako hiru egoiliar Birjinetxeko zentrora bidali dituzte, arreta espezializatuagoa eman diezaieten. "Gaitasun kognitiboak mugatuta dituzte, hara-hona ibili ohi dira, eta nekez ulertzen dute koronabirusa dutela eta momentuz ezin direla irten dauden solairutik". Edozelan, hiru kasu horiek ere asintomatikoak direla adierazi du kudeatzaileak.
Ibarraren esanetan, osasun-arduradun batek ere ez zion egoitzari jakinarazi aurrez ospitalean zeuden hiru egoiliarrek positibo eman zutela. Senideen bitartez jakin izan dute. Bestalde, harridura agertu du oraindino lantaldearen erdia kutsatuta ote dagoen ez dakitelako, proben emaitzarik ez baitiete eman. "Lanez gainezka daudela diote". Bitartean ahalik eta normaltasunik handienaz lanean jarraitzen dute, langileren batek sintomak agertzen ote dituen arretaz behatuz. Oraingoz denak daude asintomatiko, positibo eman ondoren etxean bakartu dituztenak barne.