Udal-bideen inbentarioa egiteko hainbat urteko lanaren ondoren, Barrikako Udalak osoko bilkuran onartu du udal-bideen berri ematen duen agiria. Tresna horri esker, Udalak bere bideen hedaduraren eta ezaugarrien berri izango du, eta titulartasun pribatuko bideetatik bereiziko ditu; ondorioz, segurtasun juridikoa izango dute bai Udalak bai jabe partikularrek.
Inbentario hori, iturriek jakinarazi dutenez, ingeniaritzako enpresa baten bidez egin da; udal-mugartea aztertu eta analizatu du enpresa horrek, bideen garapen historikoaren berri izan du eta Barrikako herritarren ekarpenak ere izan ditu, bideak bereizteko ortofotoak erabiltzeaz gain. Azterketaren ondoren jendaurrean jarri zen, agiria onartu aurretik alegazioak aurkeztu ahal izateko.
Roberto Muñoz Barrikako alkateak adierazi duenez, “arazo historiko bat konpondu dugu inbentario hau onartuta, izan ere, udal-bideak ordenatu ditugu. Orain agiri bat daukagu zein diren bide pribatuak eta zein titulartasun publikokoak ziurtatzen duena, edozein kudeaketa egiterakoan”.