Barrikako Udalak onartu du gaur HAPO berria, 30 urteren ondoren. Arduradunek azaldu dutenez, proiektu horrek udalerriari "zabaltzen eta hazten" lagunduko dio, "betiere, jasangarritasun-irizpideak beteta, eta gazteentzako etxebizitzak eta zerbitzu eskuragarriak sortuta".
Osoko bilkuran proiektua onartu ondoren, Roberto Muñoz alkateak azpimarratu du berria urte honetarako ezarrita zituzten helburuetako bat dela HAPO berria: "Barrikarentzat une garrantzitsua da hau. Plan orokor honen onarpenak finkatuko du norantz eraman nahi dugun gure herria. Biztanleentzat eskuragarriagoa izango den herria, zeinean zerbitzuak hobetzearen eta hazkunde jasangarriaren alde egiten dugun”.
Azken izapideen eta Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren onespena ematearen faltan, aurreikusitako jarduketak udaletxe, Goierri eta Lepola eremuetan gauzatuko dira; 424 etxebizitza eraikiko dira, zehazki. Horietatik guztietatik, % 30, hau da, 130 babes ofizialeko etxebizitzak izango dira, eta gainerako % 70a, hots, 294, etxebizitza libreak. “Asmoa dugu, antolamendu honen bitartez, etxebizitza eskuragarriagoak eta ingurumenarekin eta jasangarritasunarekin konprometituagoak egiteko; ez dugu urbanizazio handirik nahi. Udaletxeko eremuan hirigune bat sortzea da helburua, baita barrikoztarrei zerbitzu eta hobekuntza gehiago eskaintzea ere; esaterako, azpiegitura berriak sortzea”, azaldu du alkateak.