"Joko Olinpikoak egindako lanaren emaitza dira"

Ander Zarraga 2021ko mai. 3a, 15:00

Higinio Rivero arraunlariagaz batera, 2021eko irailean Tokioko Joko Paralinpikoetara joango da Iker-Ekaitz Libano entrenatzailea. Barrikoztarra Bizkaiko Piraguismo Federazioko presidentea ere bada.

Egun bakar batean egingo den probarako lau urte daramatzate prestatzen Higinio Rivero arraunlariak eta Iker-Ekaitz Libano haren entrenatzaileak. “Piraguaren munduan Joko Olinpikoak dena dira, eta guztia erabakitzen da minutu bat baino gutxiagoan”, azaldu du Libanok. Irailean joango dira biak Tokioko Joko Paralinpikoetara, baina, entrenatzailearen ustez, egindako lan guztiaren emaitza besterik ez da hori: “Benetan garrantzitsuena eta ederrena da horraino egindako bide eta esfortzu guztia”. 

Sevilla eta Asturias artean ibiltzen dira entrenamenduak egiten, “ahalik eta baldintza egokienak izateko”. Neguan La Cartujako goi-mailako zentroan aritzen dira, eta bero handia egiten duenean, aldiz, Asturiasera mugitzen dira. Pandemiaren ondorioz, baina, egitura hankaz gora jarri zaie, hala ere, lasai daudela dio Libanok, luzapen horrek hobeto prestatzeko denbora eman dielakoan.

Nolakoa da Barrikako piragua taldea?
“Oso talde polita daukagu: 100 bazkide inguru gara, horietatik, 30 gazteak dira. Kadete talde nahiko indartsua ere osatu dugu, baina eskola mailako arraunlariak falta zaizkigu. Horregatik gabiltza  eskoletan ekintzak egiten. Orain arte, ikastaroetan arrakasta nahikoa izan dugu, eta bost arraunlari gehiago etorri dira. Gu lehiaketarako taldea gara, eta txikitatik hori barneratzen diegu gazteei” 

Riverogaz lanean hasi zen bere entrenatzeko moduak arraunlariaren arreta deitu zuelako: “Berak deitu ninduen bere entrenatzailea izatea nahi zuelako. Kontatu zidan proiektu bat zeukala nazioartean lehiatzeko, eta elkarregaz hasi ginen lanean”. Azpimarratu du Rivero beti bikaintasunaren bila doan kirolaria dela, eta, denboragaz eta lanagaz, elkarren arteko konfiantza indartuz joan dela.


BARRIKATIK TOKIORA

Gaztetan, Barrikako piragua taldean lehen saiakera egin ondoren, bertan geratu zela gogoratu du Libanok. “Probatu nuen, eta ondo ematen zitzaidanez bertan geratu nintzen; gainera, oreka ona neukan, lehiaketarako piraguetan hori berebizikoa da, eta horrela hasi nintzen”. Euskadiko selekzioan egotera heldu zen. Ikasketetan etenaldi bat egin ondoren, klubera itzuli zenean, entrenatzaile bat behar zuten, eta horrela hasi zen klubeko gazteak entrenatzen. “Unibertsitateko karrera amaitu nuenean serio hartu nuen entrenatzearen kontua, eta gero eta gehiago joan nintzen prestatzen, duela bi urte, Espainiako Federaziorako deitu ninduten arte”. Horrez gain, Bizkaiko Piragua Federazioko presidentea ere da Libano, “kargurako aurkeztu nintzen jendeak eta klub batzuek hala eskatu zidatelako”. Gaur egun kirolaren mundu hori apur bat makal dagoela aitortu arren, eskola inguruko piragua zaletasuna bultzatzeko lanean daude, “harrobia finkatu nahi dugu”. Bestalde, Bilboko itsasadarrean ere talde bat sortzeko ahaleginetan daude, uste osoa dutelako horrelako talde batek ahalmen handia izan dezakeelako, baita Estatu mailan ere.

Bitartean, Barrikako lokalean egokitzapen-lanak egiten ari diren honetan, azpimarratu du aurten emaitza oso onakaz hasi dutela denboraldia: bigarren eta hirugarren postuak eskuratu dituzte Euskadiko txapelketan. 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun