Euskarazko kategoria

Joseba Santxok eta Aratz Errementeriak irabazi dute Barrikako Mikroipuin-lehiaketa

Ander Zarraga 2021ko eka. 1a, 10:00

Joseba Santxo euskarazko lehen saria jasotzen Gertu Auzokide Elkartearen ordezkariarengandik. © JOSEBA SANTXO

Asteburu honetan eman dituzte Barrikako Mikroipuin-lehiaketako sariak. Euskaraz idatzitako ipuinen ataleko saridunak izan dira Joseba Santxo eta Aratz Errementeria, lehen eta bigarren sailkatuak, hurrenez hurren.

Zapatuan, maiatzaren 29an, egin zuten Barrikako Mikroipuin-lehiaketako sarien banaketa. Horiek banatzeaz arduratu ziren Gertu Auzokide elkartearen ordezkariak. Euskarazko idazlanen irabazleakaz batera, Francisco Javier Simon de la Torre eta Mari Cruz Colmenero sailkatu dira lehenengo postu bietan gaztelerazko idazlanen kategorian.

Santxoren Begi Kliska kontakizunaren gai nagusia gizakiaren txikitasuna da, baina egileak zehaztu duen moduan, "badira zenbait azpigai ere: denboraren joana, giza sentimenduak, naturaren iraunkortasuna... Gai hori hautatu nuen horixe iradokitzen didalako beti Barrikako labarretatiko ikuspegiak, hara joaten naizenero". 

Santxok aitortu du, orain arte probatu gabeko azpigeneroa izan duen arren, "sano gogoko" duela mikrokontakizunak idaztea, eta horrekiko atxikimendua aspaldikoa duela ere. Lehiaketari dagokionez, azaldu du "txiripaz" egin zuela topo horregaz; horren deialdia ikusi zuen whatsappetik adiskide batentzat kontakizun batzuk idazten ari zela. Hala ere, subgenero horretara Joseba Sarrionandiaren Narrazioak eta Atabala eta euria kontakizun laburrakaz eta Ni ez naiz hemengoa miszelaneagaz zaletu zen.

Bigarren sailkatuari dagokionez, Bilakaera da Aratz Errementeriaren mikroipuinaren izenburua. Tituluak aurreratzen duen moduan, ipuinak deskribatzen du gauzak denboraren poderioz nola etengabe aldatzen doazen eta zer edo zeren amaierak hasiera berri bati bidea eman diezaiokeela. "Ipuina idazterako orduan eboluzioa hartu nuen eredutzat", azaldu du Errementeriak. "Horrez gain, borobildu nahi izan dut, normalean aldaketak ziurgabetasun uneak direla denontzat, non zaharra dena zerbait berriagoagatik ordezkatua den eta egoera berri horrek bertigoa sortu ohi digula: senide baten heriotza, ikasketak amaitu eta lan mundura saltoa egin behar den unea…".

Errementeriak azaldu du aurreko urteko konfinamenduan bere aititek animatu zuela txapelketan parte hartzen: "Nahiz eta hasiera batean ez nuen nire burua motibatuegi ikusi, ipuina aurkeztu ostean, konturatu nintzen prozesuaz gozatu nuela".

Mirkrokontaketa idazteko orduan zailena zer den galdetuta, biak datoz bat esanez bertsolaritza bezalakoa dela: neurri bati begira idatzi behar da, kasu honetan, 150 berba. "Ezin daiteke edozein ideia garatu, baina bai makroideia bat, lau pintzelkadatan emanda; eta horixe da nik Barrikako lehiaketarako egin nuena", Santxoren arabera. Errementeriak, aldiz, dio idatzitakoa eta buruan bueltaka darabilena ez direla beti bat etortzen, eta horrek ere bere zailtasuna eransten diola.

Erlazionatuak

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun