Euskarari, atera kontuk!

Zahar hitz, zuhur hitz

Joanes Atxa Olaiz 2021ko urr. 26a, 12:36
Lartategi anai-arrebak baserrian, euren amamarekin batera. © Lartategi familia

Hizkuntzak bezala, hizkerak ere belaunaldiz belaunaldi transmititzen dira. Hainbat ezaugarrik urteetan zehar aldaketak jasan dituzten bezala, beste batzuek mugiezin irauten dute. Garrantzitsua al da katea mantentzea halako kasuetan? 

Beti esan izan didate inguruko adinekoengandik ahalik eta gehien ikasi behar dudala, gehiago omen baitzekien deabruak zaharra izanagatik, deabru izanagatik baino. Esamolde pisutsu horren oihartzuna kolkoan, Barrikako Goierri auzoan hazi eta hezitako Lartategi ahizpak ezagutzera joan nintzen. Frantziar Estatuak Monako duen bezala, Uribe Kostako Barrika udalerrian Goierri dugu: berezko izaera duen paradisua.

Auzo horretako Goikos baserrian jaio ziren Lartategi ahizpak, eta baserrian, edozeinentzako zegoen lana. Garai hartan, etxeko txikienak ziren horiei ere, hamaika zeregin erakusten zizkieten. Hori bakarrik ez, hizkuntzak ere transmisio-katea izan zuen baserri hartan. Etxeko txikienak ziren horiek etxeko nagusienak bihurtu dira jada, eta Lartategi ahizpek hizkuntza irakasteaz gainera, hizkera ere irakatsi diete seme-alabei. Seme-alabek bilobei, eta bilobek ere herri-hizkera transmititu dezaten ahalegina egin dute. Goierriko hizkera, Uribe Kostako hizkera, hain zuzen ere.

Haiekin berbetan nengoela, zera entzun nien bat-batean: "auki iseten gendusen ollok, baia luki etorten basan…" Arreta osoa jarri nuen esaldi horretan; hara non, Barrikako hizkera eta horren transmisio-katea esaldi berean!

Barrikako hizkeraren bereizgarri nagusienetakoa auki hitzean edo berban ikus dezakegu. Uribe Kosta osoan, -eu- > -au- bihurtzeko joera dago, eta hemendik dator ikusi dugun eduki aditzaren forma berezi hori. Berdin-berdin gertatzen da bokal multzo hori duten beste hainbat hitzekin; besteak beste, euskara bera izendatzeko auskera forma erabili izan da Uribe Kostan.

Eta hizkeraren transmisioari buruz zer esan? Bada, luki hitza Bizkaia mendebaldean erabiltzen den berba dela, baserrietako oiloak harrapatu eta abeltzainak haserretzen dituen animaliari deitzeko; bai, azeria izendatzeko, hain zuzen ere. Ezinezkoa dugu jakitea noiztik deitu izan diogun azeriari horrela, baina XVI. mendeko testuetan jada agertzen den hitza da hori.

Seiehun urte daramatzagu, gutxienez, belaunaldiz belaunaldi, baserriko oiloak babestu nahian, azeriari luki deitzen. Hala, mendeetan zehar sortutako kateari tinko eutsi diote Lartategi ahizpek, datozen mendeetan etorriko diren txita guztiak babestuz, ez ditzan lukik jan! 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun