Barrikako Udalak emandako datuen arabera, barrikoztar bakoitzak 1,47 kilogramo hondakin sortzen ditu egunean, hau da: 536 kilogramo urtean; horietatik, % 40 inguru organikoak dira. Orain arte, hondakin mota horiek ez dira bereizi udalerrian, eta errefusaren edukiontzi berdean uzten ziren. Halaber, edukiontziak behar bezala erabiltzen ez zirela deitoratu dute udal-agintariek, hondakinak ez zirelako gaika biltzen. Horrez gainera, udalerriko birziklatze-tasa % 22koa dela azaldu dute, "Europako Zuzentarauek ezarritako helburuetatik oso urrun –% 50ekoa ezarrita zegoen 2020rako–".
Egoera horri aurre egin guran, Udalak gaikako bilketa bultzatzen saiatu da. Horretarako, edukiontzi marroiak jartzeaz gainera, edukiontzi berdeen ordez grisak jarri ditu hilabete honetan. Horren harira, Roberto Muñoz Barrikako alkateak adierazi du udalerria hobetzen lagunduko duten neurriak hartzen jarraituko dutela: "Barrika ingurumenaren lagun egin nahi dugu, bizi-kalitatea hobea izan dadin laguntzeko, baina, horretarako, guztiok lagundu behar dugu. Edukiontzi berri horiek ezarrita, bide horretan aurrerapausoak ematen ari gara".
Itxiera elektronikoko edukiontziak
Edukiontzi berri horiek itxiera elektronikoa dute, eta txartela behar da horiek irekitzeko eta hondakinak uzteko; txartela herritar guztiei banatuko zaiela azaldu du Udalak. Hala ere, egoera tamalgarria da auzo askotan, jendeak txartelok erabili ez eta zabor-poltsak kalean, edukiontzion ondoan, uzten dituelako barrualdeak hutsik dauden arren. Askotan, gainera, dagokion gaia utzi beharrean "edozer" zabor botatzen ari direla ere deitoratu dute auzokideek. "Errefusaren edukiontzi grisean kartoiak eta paperak agertu dira inoiz, horretarako edukiontzi urdina dagoen arren", salatu du barrikoztar batek. "Arazoa zein da, pedagogia falta ala txartel falta?", galdetu dute erabiltzaileek.
Horren harira, Udalak azaldu du oraindino aukera dagoela txartelok jasotzeko, udaletxera joanda 07:00etatik 14:00etara, edo, bestela, Udal Liburutegira 16:30etik 20:00etara. Ordutegi horretan harremanetan jartzerik ez duenak, aldiz, 5k@barrika.eus posta elektronikoa erabil dezake eskaria egiteko.
Gaur egun, Udalak emandako azken datuen arabera, 580 familiak dute daborduko txartela. Horregatik, alkateak ekintza horretan parte hartzeko animatu gura ditu herritarrak, eta honako hau adierazi du: "Oso garrantzitsua da guztiok geure hondar-alea jartzea hobetzeko eta Barrika ingurumenean eragin txikiagoa duen udalerria izaten lagunduko duen ekintza horretan parte hartzeko".