Barrikako Udalak kirol instalazioetara sartzeko sistema berria ezarriko du abenduaren 9tik aurrera. Roberto Muñoz alkateak adierazi duenez, ekimen horren bidez “erreserba egiteko modua aldatuko da; sistema berria modernoagoa izango da, erreserba online egingo da, eta ordainketa eta instalazioen irekiera telefono mugikorrarekin egingo dira. Beraz, gaur egun zabalik dauden ateak itxita egongo dira abenduaren 9tik aurrera, eta sistema berri horren bidez baino ezin izango da sartu”.
Helburu hori betetzeko, Udalak erabiltzaile-izen bat sortu du udalerriko kirol-zerbitzuko abonatu bakoitzarentzat. Azaldu dutenez, erabiltzaile-izena gaur egungo bazkide-zenbakia dela, eta pasahitza, berriz, NANaren lehenengo lau zenbakiak. Bazkide-zenbakiaz gogoratzen ez direnek udal-informazioko ohiko telefonoetan galdetu ahal izango dute. Erabiltzaile-izen horregaz, pista erreserbatu eta argia ordaindu ahal izango da, https://www.domosport.com/barrika webgunearen bitartez. Gainera, erabiltzaileek aplikazioa erabiliz zabaldu ahal izango dituzte ateak, pista erreserbatuta ez dagoen kasuetan.
Ordutegiak, abonuak eta prezioak
Udalak gogorarazi nahi du pistetan aritzeko ordutegia 07:00etatik 23:00etara bitartekoa dela, eta prezioak eta erreserbak egiteko tarteak desberdinak direla abonatuentzat eta ez-abonatuentzat. Abonatuek zazpi eguneko tartea dute erreserba egiteko, eta ez-abonatuek, aldiz, hiru egunekoa; bestalde, erreserbaren prezioa bi eurokoa izango da abonatuentzat, eta ez-abonatuentzat, berriz, 16 eurokoa padelaren kasuan, eta 12 eurokoa tenisarenean.