Barrikako Udalak informazioa WhatsApp bidez hedatzeko bidea jarri du herritarren eskura

Erredakzioa 2021ko abe. 16a, 19:52

Zerbitzu berri honen asmoa da komunikazio zuzenago eta errazagoa izatea udalerriagaz zerikusia duen guztiaren berri emateko, udal-iturriek zehaztu dutenez.

Barrikako Udalak informazioa hedatzeko bide berri bat jarri du martxan: WhatsApp aplikazioaren mezularitza-zerbitzua. "Zerbitzu arin, azkar eta kosturik gabeko honi esker, hala nahi duten herritarrek udalerriari buruzko informazio guztiaren berri izango dute: jarduerak, albisteak, larrialdiak edo abisuak, oro har", azaldu dute udal-arduradunek. Horri buruz, Barrikako alkate Roberto Muñozek adierazi duenez, “bide hori martxan jarri dugu, gure udalerriarekin lotutako informazioa jakinarazteko aukera azkarra delako, eta barrikoztar guztientzat irisgarria”.

Zerbitzu hori informatzeko soilik izango da, eta inola ere ez zaie mezuei eta deiei erantzungo; era berean, ezin izango da erabili gorabeherak edo kexak jakinarazteko kanal gisa ere. Komunikazio-zerbitzu hori ez da WhatsApp talde bat izango: "Banaketa-zerrenda bat da; ekitaldi eta gertaerei buruzko informazio xeheagoa orain arte bezala zabalduko da, udal-webgunearen eta sare sozialen bitartez".

Altarako izena ematea

Zerbitzuan alta emateko, honako urrats hauek egin behar ditu interesatuak: lehenik, Barrikako Udalaren banaketa-zerrendan izena emanda badago daborduko, 688 750 740 telefono-zenbakia agendan gorde besterik ez da egin behar. Bigarrenik, oraindino ez badu banaketa-zerrendan izena eman eta jakinarazpenak WhatsApp bidez jaso gura badira, jarraibide sinple hauek bete beharko dira:

  1. Gorde 688 750 740 zenbakia telefono mugikorraren agendan.
  2. Bete udal-webgunean dagoen eskaera-orria, bertan aipatzen diren datuak emanda (QR kodea erabilita sar zaitezke).
  3. Betetakoan, PDFa Udalari helarazi, 688 750 740 zenbakira.

Baja emateko eta mezuak jasotzeari uzteko, horren berri eman beharko da bide bera erabilita. Aski izango da WhatsApp bidez mezu bat bidaltzea BAJA hitzagaz 688 750 740 zenbakira, eta jakinarazpen-mezu bat jasoko da.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun