Udalak 57.000 euro bideratu ditu Barrikan lau Inaus-gune berri eraikitzeko. Roberto Muñoz alkateak adierazi duenez, "edukiontzi finko horiek instalatzearen helburua erabilera desegokia saihestea da". Gaineratu duenez, "gune horien bitartez, inausketen eta lorezaintza-lanetako hondakinak erretiratzeko garaian eta batu ondoren, behar bezala atera eta biltegiratu ahal izango dira". Zehaztu du udalerriko lau lekutan ipini dituztela gune berriak: Zabaletxen, Abaroan, Artepetan eta Garramunen.
Bestalde, nabarmendu du galarazita dagoela konpostatu ezin diren hondakin begetalak edo inpropioak uztea edukiontzietan, hala nola loreontziak, obra-hondakinak, ontziak, plastikoak, enbalajeak... Horretaz gain, bertara botatzeko hondakin ohikoenak zerrendatu dituzte: palmondo-adarrak; kanaberak (banbua, etab.); erretxinadunak, hala nola altzifreak edo pinuaren familiakoak, esate baterako.
Inaus-guneak erabiltzeko arauak
Gune horiek era egokian erabiltzeko zenbait arau ezarri ditu Barrikako Udalak: hondakinak era ordenatuan pilatzea, atea itxita geratzen dela ziurtatzea, instalazioak modu egokian erabiltzea edo irregulartasunik edo atea zabaltzeko mekanismoan akatsik sumatuz gero Udalari jakinaraztea. Halaber, udalerrian bizi ez direnei edo Barrikako udalerritik kanpo lorezaintza-lanak egin behar dituzten langile autonomoek edo enpresek debekatuta dute inaus-guneak erabiltzea. Araudi horregaz, Udalak guneen garbiketa hobetzea, eta, batez ere, puntu finko horiek hobeto erabiltzea bilatzen du.