Apirilaren 3ra bitartean

Barrikako Udalak mikroipuin-lehiaketa antolatu du aurten ere

Erredakzioa 2022ko mar. 11a, 10:36

Barrikako Udalaren Kultura Sailak mikroipuin-lehiaketa antolatu du beste behin, herritarrengan irakurtzeko eta idazteko interesa suspertzeko asmoagaz. Azaldu dutenez, aurtengo gaia askea izango da, baina "lehorte" berba agertu beharko da aurkezten diren lanetan. Apirilaren 3ra bitartean entrega daitezke lanak, euskaraz zein gaztelaniaz.

Barrikako Udaleko Kultura zinegotziak, Itziar Unibasok, adierazi duenez, "urte gutxi daramagu udalerrian ekimen hori egiten, baina oso harrera ona du. Horregatik, parte hartzera deitu gura diet Barrikako eta Uribe Kosta eskualdeko 18 urtetik gorako herritar guztiei, baita Barrikako kultur eta kirol-elkarteetako kideei ere". Gehitu duenez, "mikroipuinaren modalitatearen bidez, gainera, istorio harrigarriak konta daitezke oso testu labur batean; azkenean, haiei iltzatuta geratzen zara beti".

Antolatzaileek zehaztu dutenez, parte hartzeko interesa dutenek posta elektronikoz bidali beharko dituzte euren lanak, honako helbide honetara: liburutegia@barrika.eus. Idazlanak PDF motatako artxibo batean bidali behar dira, izenburua adierazita. Jaso ostean, lehiakideei eskabide-artxibo orokor bat bidaliko zaie bide beretik, beren datu pertsonalak jar ditzaten. Artxibo horren gaian, izenbururako erabili duten hitza adierazi beharko dute, eta hori erabiliko da mikroipuina dagoen artxiboarekiko lotura egiteko. Bestalde, pertsona bakoitzeko lan bakarra onartuko da.

Obraren luzera, gehienez ere, 150 berbakoa izango da, izenburua barne –derrigorrezkoa da izenburua jartzea–, eta euskaraz zein gaztelaniaz idatz daiteke. Ipuinak 12 puntuko Times New Roman letra-motan idatzita aurkeztu beharko dira, eta tarteak, gehienez, 2,5 zentimetrokoak izango dira. Bestalde, lehiaketaren oinarriak Barrikako Udalaren iragarki-oholean argitaratutako dituzte, baita haren webgunean ere.

Sariak eta epaimahaia

Aurreko edizioetan legez, antolatzaileek Gertuko Auzokide Elkarteari emango diote balorazioak egiteko ardura, eta hark izendatuko ditu epaimahaiko kideak. Kategoria bakoitzeko (euskara eta gaztelania), lehenengo saria 150 euroko bonu-txartel bat izango da, eta bigarrena, berriz, 100 euroko beste bat, udalerriko saltoki eta jatetxeetan erabiltzeko.

Sariketaren ebazpena Barrikako Udalaren iragarki-oholean eta haren webgunean jakinaraziko dute, 2022ko apirilaren 25a baino lehen, eta sari-banaketa maiatzaren 7an zapatuan, egingo dute.

 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun