Barrikako auzo-elkartea

Goierri Bizirik: "Leku zoragarri honetan herri bizigarria sortu gura dugu"

Ander Zarraga 2022ko mai. 26a, 11:36
Goierri Bizirik elkarteko kideek trafikoa arautzeko eskatzeko manifestazioa egiten. © GOIERRI BIZIRIK

Barrikako hainbat bizilagunek Goierri auzoa berpizteko helburuagaz bat egin zuten Goierri Bizirik elkartea sortzeko. Argi dute beraien helburua auzo bizigarri eta atsegin bat lortzea dela, eta horretarako, beraien lehen ekintza Udalari trafikoa moteltzeko neurriak eta behar bezalako espaloiak eskatzea izan da. Hala ere, askoz ere proiektu gehiago dituztela aurreratu dute, tartean, bizilagunak elkar-ezagutzeko txangoak, jaiak, tailerrak...

Pandemiaren aurretik hasi zen ideia garatzen, Goierriko Ander Deuna Egunean, elkar ezagutzen ez zuten hainbat auzokide elkartu eta ideia bati eragiten hasi zirenean: auzoan herri-bizitza egiteko grina. "Barrika oso herri sakabanatua da eta hemen bizi garen askok, orain arte, ez genuen ia bizitzarik egiten hemen, beraz, gure hasierako asmoa elkar ezagutzea izan zen", azaldu dute Goierri Bizirik elkartea osatzen duten taldeko eragileek. Momentuz 70 lagun baino gehiago elkartu dira, eta talde nagusia guraso batzuek osatzen badute ere, beraien egitasmoa ez dute umeentzako ekintzetara mugatu gura.

Egitasmoa aurrera ateratzeko, Goierri Bizirik elkarteko kideak astelehenero, 18:00etan, Goierriko kultur etxean elkartzen dira. Orain arte, COVID-19aren izurritearen ondorioz, ez dute aukerarik izan jarduera askorik antolatzeko, baina ez zaizkie idaiak falta. Aurten, azkenean, indarragaz ekin diete beraien egitasmoei. Bi lan-arlotan banatzen dituzten beraien jarduerak: auzoaren atsegingarritasuna eta ekimenen antolaketa.

"Barrika ez dago prestatuta hemen bizitza egiteko, ez baitago espaloirik, leku guztietara mugitu behar gara kotxez eta ez dago kalean bizitza egiteko ekipamendurik ere", diote, beraien hasierako helburuetako bat auzoan bizitza egiteko guneak sortzea dela azpimarratuz. Deitoratu dute Barrika ibilgailuen pasagunea dela, bai beste herrietara joateko pasatzen direnentzako, baita herrikoentzako ere, ibilgailua erabili behar dutelako leku guztietara joateko. "Gainera, gidari askok ez dute orduko 30 kilometroko abiadura-muga errespetatzen, eta ezinezkoa da bideetatik lasai ibiltzen joatea".

Bestalde, Barrika herri udatiarra izatetik askoren urte osoko bizilekua izatera pasatu dela diote, "baina Udalaren txipa ez da aldatu zentzu horretan". Sentitzen dute auzoa eta herria utzita daudela eta horrek kalean bizitza egitea eragozten diela. Horregatik, beraien lehen zereginetako bat Udalari ibilgailuen abiadura eta trafikoa moteltzeko neurriak biltzen dituen txosten bat aurkeztea izan da, "auzo seguru bat egin gura dugu gure seme-alabentzat, kalera jolastera lasai atera daitezen; pertsonak lehenesten dituen lekuak behar ditugu". Zentzu horretan, umeakaz mobilizazio inprobisatuak ere egin dituztela adierazi dute; gidariei abiadura-muga gogorarazteko eta espaloiak exijitzeko pankartakaz manifestazioak egiten hasi dira. Horretaz gain, Udalari jaiak eta bestelako ekintzak egiteko toki egoki bat egokitu dezala ere eskatu diote.

Horren aurrean, Udalaren eta alkatearen jarrera positiboa izan dela eta proposatutakoa ontzat hartu dutela diote, baina deitoratu dute oso astiro ari direla mugitzen eta oraindik ez dutela ezer egin. "Guk jarduerak egiteko eta gure umeak kalera ateratzeko lekuak orain behar ditugu. Ulertzen dugu udaletxe txikia dela, eta orain arte, udatiarrek ez zituztela horrelako gauzak eskatzen, baina uste dugu horrelako gauzak egiteko unea dela". Gaineratu dutenez, Udalak erabakitzen dituen egitasmoen parte izan gura dute, eta herritarrak ekimen horietan inplikatu gura dituzte.

Momentuz, hainbat ideia dituzte garatzeko, eta orain arte, azokak, txangoak, Olentzero, liburu-aurkezpenak eta tailerrak egin dituzte. Nabarmendu dutenez, beraien-seme alabentzako elkargune bat baino askoz gehiago sortu gura dute, "auzoko eta herriko beste bizilagun batzuk ere erakarri gura ditugu, eta horretarako, gure asmoa udako jaiak antolatzen hastea da, baina horretarako, besteak beste, leku finko bat beharko genuke".

 
 
 
 
 
Ver esta publicación en Instagram
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 

Una publicación compartida de Goierri Bizirik - AUZOA ERAIKIZ (@goierribizirik)

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun