Horri buruz, Barrikako alkate Roberto Muñozek adierazi du udalerriak "benetan beharrezkoa den" bizikletentzako bide bat izango duela, "eta bizikleta seguru erabiltzeko ateak irekiko dizkigu". Izan ere, gogoratu duenez, gero eta jende gehiagok erabiltzen du garraio hori udalerrien arteko joan-etorrietarako, "eta erakundeetatik erraztu egin behar dugu halakoen erabilera, bide seguruak sortuz, eta kirolerako, osasunaren onurarako, lanerako eta abarrerako erabil ditzaten sustatu".
Barrikako Udalak azpimarratu du Uribe Kostako Mankomunitateak urteak daramatzala hainbat mailatan lanean eskualdean bizikleta erabiltzearen alde. Besteak beste, mugikortasun jasangarriko planak idatziz, bizikletentzako udal-planeamenduak zehaztuz, eta bizikleta erabiltzeko hainbat azpiegitura zerbitzuan jarriz. Hala, bizikleta mugikortasunerako tresna alternatibotzat erabil dadin sustatzea bilatzen du, bai eta garraio intermodala (bizikleta eta herri barruko edo kanpoko garraiobide publikoak) sustatu ere. Horretarako, ezinbestekoa da bizikletentzako bideak egokitzea, bide-segurtasuna areagotzeko eta Uribe Kostako pertsona guztien bizi-kalitatea hobetzeko.
Herritarrei egindako inkestak
Bestalde, kontuan izanik Bizikletentzako Bideei buruzko Plana egitea hausnarketa-prozesu soziala eta bizikleten mugikortasunaren alorreko erabakiak hartzeko prozesua zela, eta Uribe Kostako udalerrietako herritarrek parte har zezaten, inkestak egin zituzten. Inkesten helburua, batetik, diagnostiko sozioekonomikoko ariketa bat egitea zen, jakiteko udalerriek zer berezitasun dituzten gizarteari, hezkuntzari eta lanari dagokienez. Gainera, inkestek erabiltzaileen lehentasunei buruzko galderak ere bazituzten, jakiteko zergatik erabiltzen zuten edo ez bizikleta eguneroko desplazamenduak egiteko. Galdera horiek gai hauei egiten zieten erreferentzia: segurtasuna, erosotasuna, azpiegitura gustukoenak, bizikletak mailegatzeko zerbitzuak, edo beste garraiobide batzuk erabiltzeko zaletasuna, adibidez, ibilgailu pribatua, garraio kolektiboa edo motorizatu gabeko beste garraio-modu batzuk.