Ekainaren 17an, barikuan, jaurtiko dute jaiei hasiera ofiziala emango dion txupina, 19:00etan, eta, horren ostean, hainbat jarduera egongo dira: lehiaketak, antzezlanak, txikienentzako ipuin-kontalariak, azokak, musika eta dantza, eta, urtero legez, San Joan bezperako tradiziozko gaua.
Berriz ere jaiak egongo direla-eta, Itziar Unibaso Kultura eta Jaien zinegotziak adierazi du unea dela "ilusioa errekuperatzeko eta pozik ospatzeko, ostera ere, gure San Joan jaiak, azken urte bietan ez baitugu izan horretarako aukerarik. Barrikoztar guztiei dei egiten dizuet gozatzera eta jai berdinzale, inklusibo eta eraso sexistarik gabeak bizitzera”.
Itsas Merkatua
Asteburu honetan, gainera, Itsas Merkatuaz gozatuko du Barrikak. Hain zuzen ere, ekainaren 3, 4 eta 5ean egingo da jarduera hori. Herritarrek eta bisitariek bertoko produktu ugariz gozatzeko aukera edukiko dute (gastronomia, artea...), eta, horrez gainera, haurrentzako gunea, musika-giroa eta produktuen dastaketa egongo dira. Nabarmentzekoa da The One taldearen kontzertua, barikuan, udaletxeko larrearen ondoan, 21:00etatik aurrera; zapatuan, berriz, Cover Radio izango da.
Txikienentzat magia-ikuskizuna egongo da igandean, 18:00etatik aurrera, pilotalekuan; eta Amalaurra ipuin-kontalariak zenbait saio emango ditu, zapatuan eta domekan, 13:00etan, 17:00etan eta 19:00etan.