Barrika Batu kanpaina abiatuko du Udalak birziklatzearen garrantziaz ohartarazteko

Erredakzioa 2022ko ira. 20a, 10:39

Besteak beste, Muriola hondartza garbituko dute bi aldiz.

Kanpaina horren helburu nagusia da zaborrak modu egokian kudeatzeak duen garrantziaz jabetzea da, baita birziklatze-edukiontziak behar bezala erabiltzea eta, batez ere, bosgarren edukiontzia erabiltzearen ingurumen-onurak balioestea ere.

Kanpainak hainbat bloke izango ditu, bakoitza formatu desberdinean aurkeztuta, sarbidea errazteko, bai bide digitaletik, bai aurrez aurre. Bloke nagusietako bat webgune dinamiko eta interaktibo bat izango da, www.barrikabatu.com, informazio-bideoak, joko interaktiboak eta deskargatu daitekeen materiala izango dituena, besteak beste. Orrialde hori eguneratuz joango da kanpainak aurrera egin ahala, materiala mailaka eskainiz eta aurrez aurre egingo diren jarduerak argitaratzeko informazio-atari gisa ere balioko du.

Proiektu horren beste indarguneetako bat aurrez aurreko jarduerak izango dira. Kanpainaren helburuak herritarrakaz zuzenean landu ahal izateko, hainbat jardunaldi eskainiko dituzte udalerriko hainbat tokitan.

Gainera, Muriola hondartza bi aldiz garbituko dute; bertan, itsas hondakinak biltzeaz gain, kostaldean bizi den marearteko flora eta fauna azalduko dituzte. Publiko guztientzat egokiak diren jarduerak izango dira horiek, herritarrak modu atseginean kontzientziatu nahi dituztenak. Jarduera horiek irailaren 24an, zapatuan, eta azaroaren 6an, domekan, izango dira. Biak goizez, 9:00etatik 13:00etara.

Era berean, dibulgazio- eta hezkuntza-jardunaldi bi egingo dituzte, adin guztietako jendearentzako tailer, joko eta dinamikakaz. Kanpainan zehar transmititutako balioak eta ohiturak praktikan jartzea dute helburu. Jardunaldi horiek urriaren 22an, zapatuan, Goierriko frontoian, eta azaroaren 19an, zapatuan, Nagusien Etxean, udal-pilotalekuaren ondoko lokalean, egingo dituzte, 10:00etatik 14:00etara.

Aurrez aurreko sentsibilizazio-jardunaldiak

Azkenik, kanpainari buruzko informazioa aurrez aurreko bidea nahiago duten helduei helarazteko asmoz, bi sentsibilizazio-jardunaldi eskainiko dira. Hitzaldi horiek ordubete inguru iraungo dute. Urriaren 20an, eguena, Nagusien Etxean eta azaroaren 23an, eguaztena, Nagusien Etxean egingo dira 19:00etan.

Barrika Batu kanpaina egiteko, Udalak Urdulizko Tantak erakundea izan du kontuan. Gaur egun, besteak beste, ingurumena sentsibilizatzeko proiektu bat egiten ari da Uribe Kostako ikastetxeetan, Mankomunitateak sustatuta. Erakunde horrek osasuna eta ingurumena ditu oinarri, eta bere helburu nagusietako bat tokiko ingurune naturalaren zaintzari buruzko kontzientzia sortzea da.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun