Bizkaitar Argia goraipamena eman diote Jon Rahm golf-jokalari barrikoztarrari

Ander Zarraga 2022ko abe. 15a, 14:16
Jon Rahm Bizkaitar Argia saria jasotzen Unai Rementeria Ahaldun Nagusiaren eskuetatik. © BIZKAIKO FORU ALDUNDIA

Una Rementeria Ahaldun Nagusiaren eskuetatik jaso du, Bizkaia eta haren balioak sustatzeko egindako ekarpenagatik, pertsonak, erakundeak edo herritar-taldeak nabarmentzen dituen aitortza. Gaur, Bilboko Foru Jauregiko Harrera Aretoan egin duten ekitaldian, munduko golf-jokalari onenen artean dagoen kirolariaren ibilbidea goraipatu dute; Rementeriaren hitzetan, "sari aparta bizkaitar apartarentzat".

Azken Bizkaitar Argia saria duela sei urte eman zela gogoratu du Rementeriak, hain zuzen ere, Jon Rahm golf-jokalari profesional gisa hasi zenean, garaileen zerrenda marka bikaina lortu ondoren. Ahaldun Nagusiak adierazi duenez, sei urteotan egindako esfortzuari eta lanari esker, oztopoak gaindituz, kirolari gisa amesten zuen unera heltzea lortu du. Halaber, nabarmendu du Rahmek 2020an munduko lehenengo tokian egotea lortu zuela, eta hori egiten duen espainiar Estatuko bigarren jokalaria izan da, Severiano Ballesterosen ondoren. 

"Ohore bat da munduan zehar Barrika, Bilbo eta Bizkaiaren izenak eraman ahal izatea, eta hemen daukagun historia hainbategaz partekatzeko aukera izatea. Sei urteren ostean ni izatea hautatua errekonozimendu hau jasotzeko ohore bat da niretzat", adierazi du barrikoztarrak saria jasotzean, bere familiari eta ibilbidean laguntza eman dioten guztiei eskainitako esker-emateen artean.

Unai Rementeri Ahaldun Nagusiak hartu du hitza ondoren, eta zera adierazi du: "Bere sorterrian erro sendoak izanik mundu osoan hazi den gizona da. Hala, izaera hori inspirazio-iturri izan da aldundi honentzat: Bizkaira irmoki lotuta badago ere, mundura irekita eta konektatuta dago. Jon Rahmek hori islatzen du ere bai. Maila goreneko kirolaria, bost kontinenteetan ezaguna eta joaten den toki guztietan miretsia. Munduko bizkaitar bat eta mundua bizkaitar batean. Hori da Jon Rahm niretzat, gure ustez Bizkaitar Argia izendatu beharreko bizkaitar aparta".

"Ametsak amestu behar dira, bai, baina egunez egun landu behar dira, bai kirolean, bai Administrazioan, bai bizitzan oro har. Hala, Jonek amestu du, baina, batez ere, lan egin du. Hori da, hain zuzen ere, gaur aintzatetsi nahi duguna: munduko bizkaitarra dugula, arrakastatsua, horretaz harro dagoena; lan handia egin duen bizkaitarra, ekin eta ekin aritu dena, inoiz amore eman ez duena. Gure herriaren eta lurraldearen balio nabarmena da hori, eta hala jarraitu behar du. Balio hori zabaltzen eta helarazten jarraitu behar dugu, bereziki gure gazteen artean", azpimarratu du Rementeriak.

Jon Rahmen ibilbidea

Jon Rahm Barrikan jaio zen, 1994ko azaroaren 10ean. Lan-jarduera Bizkaitik urrun egiten badu ere, beti agertu da prest Bizkaian golf-jokalari gazteen artean kirol hau sustatzeko jardueretan nahiz gizarte-inklusioko proiektuetan parte hartzeko. Horregatik, esker oneko, harrotasuneko, maitasuneko eta errespetuzko hitzak zuzentzen zaizkio beti, eta familia eta lagunartean egoteko itzultzen da ahal duen guztietan.

Golfarekiko zaletasuna bere aitagandik jaso zuen; 1997an, Valderraman egin zen Ryder Cup txapelketara joan zen eta horren harrituta geratu zen Europako taldearen garaipena zuzenean ikustean, ezen Larrabea Golf Klubeko bazkide egin zela (Landa, Araba). 2004an, Jon Rahmek lehen urratsak eman zituen Erandioko Martiartu Kirol Klubean eta, ondoren, bere aita bazkide egin zen klubean. Oso txikitatik nabarmendu zen lurraldeko, autonomia-erkidegoko eta Estatuko txapelketetan eta, ondorioz, Espainiako Errege Federazioak bere taldeetan sartu zuen.

Egindako kirol-ibilbide bikaina eta erakutsitako talentua direla-eta, Arizonako Estatu Unibertsitateak (ASU, ingelesezko siglengatik), zeina AEBko golf-akademia ospetsuenetako baten egoitza baita, ikasketa-beka bat eskaini zion, bera jokatzen ikusi barik ere (ez zuen sekula horrelako eskaintzarik egin baldintza horietan).

Rahm 2012ean hasi zen unibertsitate horretan, eta bertan egon zen lau urteetan zehar hamaika txapelketa irabazi zituen, ondoz ondoko bi alditan Ben Hogan sari ospetsua ere jaso zuen, zeinak golf-jokalari amateur onena aitortzen ditu (ordura arte ez zuen beste jokalaririk hori lortu), eta 50 astez egon zen munduko amateurren sailkapenaren lehenengo tokian; hala, marka lortu zuen, ondoz ondoko aste-kopururik handienean egon baitzen postu horretan.

2016ko Open USA txapelketan amateur onena izan ostean, esparru profesionalera egin zuen jauzi, non zazpi garaipen lortu ditu PGA TOUT txapelketetan eta zortzi European Tour-ean.

Golf-jokalari profesional gisa egindako ibilbidean, honako mugarri hauek dira aipatzekoak: 2020ko uztailean lehenengo postua lortu zuen PGA golf-txapelketako munduko sailkapenean, Memorial Tournament (Ohio) irabazi ostean (hori lortu duen Estatuko bigarren kirolaria izan da, Severiano Ballesterosen ondoren, eta bosgarren gazteena, Tiger Woods, Thomas, McIlroy eta Spiethen ondoren); 2021eko ekainean, lorpen gogoangarria izan zuen, AEBko Irekia irabazi zuen Estatuko lehen golf-jokalaria izan baitzen, zeina hizpide dugun kiroleko lau txapelketa nagusienetako bat baita; 2020an, Tokioko Joko Olinpikoetan lehiatzeko hautatu zuten, baina azkenean ezin izan zuen parte hartu COVID-19 gaitzan positibo emateagatik.

Gaur egun, munduko sailkapeneko bigarren tokian dago.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun