OHZ, zabor- eta estolderia-tasak ordaintzeko laguntzak banatuko ditu Barrikako Udalak errenta txikiko familien artean

Erredakzioa 2023ko urt. 26a, 12:15

Barrikako Udalak 2022ko Hiri-lurreko Ondasun Higiezinen gaineko Zerga (OHZ) eta 2021eko zabor- eta estolderia-tasak ordaintzeko laguntzen deialdia onetsi du, errenta maila apaleko udalerriko familia-unitateei ordaintzeko.

Ohiko etxebizitzaren titular diren barrikoztar eta familia-unitateei zuzenduta dago, baldintza hauek betetzen badituzte: laguntzaren xede den Hiri-lurreko Ondasun Higiezinen gaineko Zerga (OHZ), zaborrak eta estolderia, 2022. urteari dagozkionak, ordainduta izatea; laguntza-eskabidea jasotzen duen higiezinean erroldatuta egotea hura egiteko unean eta 2021eko urtarrilaren 1a baino lehen, eta hura ohiko etxebizitza izatea; ohiko etxebizitzaren titular izatea.

Titularra hil egin bada eta oraindino higiezinaren titulartasun-aldaketarik egin ez bada, ordainagiriak ordaindu eta gainerako baldintzak betetzen dituen pertsonak eskatu ahal izango du diru-laguntza; eskabidea egiten den higiezinaren katastroko balioak 112.108,49 eurokoa edo txikiagoa izan beharko du; behar adinako baliabide ekonomikorik gabea izan beharko du.

Familia-unitatearen urteko diru-sarrera osoak, 2021. urtean, ezingo dira 35.000 euro baino gehiago izan (gehieneko muga hori familia-unitateko kide-kopuruaren arabera aztertuko da); Barrikako Udalagaz eta Ogasunagaz zein Gizarte Segurantzagaz dituen zerga-betebeharretan egunean egon beharko da, eta, eskaera egiten denean, familia-unitateko kideak, familia osoa, ezin izango dira izan (ohiko bizilekua ez den) beste ezein etxebizitzaren jabe % 100ean; kalkulu honetatik kanpo geratzen da eskabidearen xede den etxebizitzaren eraikin berean helbideratuta dagoen ibilgailu baterako trasteleku eta garajerako lokala.

Eskabideen aurkezpena

Laguntza emateko prozesua norgehiagokako bidezkoa izango da, eta familia-unitate bakoitzeko diru-laguntza bakarra emango da. Zenbatekoa familia-unitatearen diru-sarreren araberakoa izango da. Laguntza hauek ez dira bateragarriak xede bererako beste laguntza batzuekaz (GLLetako mantentze-lanen kontzeptua).

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun