Barrikako Udalak aurkeztutako planaren arabera, Goierri kaleko eta Itxasalde Etxetaldea kaleko zoladura guztiz berritzeko jarduketak egingo dituzte, baita argi batzuk egokitzeko eta geometria berriaren araberako hustubide berriak jartzeko lanak ere. Gainera, Goierri Apartamentu Taldea kalearen inguruan aparkalekuak berrantolatuko dituzte, dauden parterreak kenduz.
Modu horretan, Goierri kalean dauden espaloiak hobetzea aurreikusten dute, zoladura berrituz eta zabalago eginez, oinezkoen joan-etorria atseginagoa izan dadin. Gainera, bizikletentzako bide bat egin eta galtzada berriro asfaltatuko dute, geometria berriagaz bat eginez. Gainera, Udalak azpimarratu du, inguruan dabiltzan ibilgailuen abiadura murrizteko asmoz, Goierri kaleko eta kale perpendikularren arteko elkarguneetan galtzadaren kota igo egingo dutela, asfalto inprimatuaren akaberagaz konbinatuz. Halaber, seinaleztapen horizontala ere jarriko dute, abiadura mugatzeko sinboloakaz, eta, gainera, bidegorria eta pasabide goratuak bezalako guneak adieraziko dituzte.
Barrikako zinegotzia den Itziar Unibasok berretsi duenez, “Goierri kalearen berrurbanizazioaren diseinua martxan jarri da oinezkoei garrantzi handiagoa emateko eta ibilgailuen zirkulazio-abiadura murrizteko auzoko hiri-ingurunean. Gainera, bizikleta garraiobide gisa erabiltzea sustatu nahi da; horregatik, bizikleta-errei bat jarri da kale osoan zehar”.
Bestalde, Goierri kaleko lanon ondorioz galdutako aparkaleku-plazak konpentsatzeko, Goierri Apartamentu Taldeko kalearen ipar-mendebaldeko aparkalekuak antolatuko dituzte. Horretarako, dauden parterreak kendu eta kale-argiak espaloiaren eremura eramango dituzte.
Gainera, Itxasalde Etxetaldeko inguruan dauden lorategi-eremuak kenduko dituzte baterian aparkaleku berriak izateko, eta kale horren amaieran dagoen aparkalekua berrantolatuko dute. Hala, kalearen hasieran dagoen berdegunean Goierri kalean dauden hondakinen edukiontzi guztiak bilduko diren gune bat egongo da.
Azkenik, hiri-altzariei dagokienez, edukiontzien eremu berrian esertzeko bankuak, mugarriak, bizikletentzako aparkalekuak eta desnibeletatik babesteko baranda jartzea aurreikusi dute.