Jon Rahm jaka berdea eskuratzen duen bigarren euskalduna da Augustako Mastersean irabazi ostean

Ander Zarraga 2023ko api. 11a, 10:09

Jon Rahm jaka berdea jantzita eta Augustako Masterreko garaikurragaz. © JON RAHM

Txapelketa trakets hasi arren, barrikoztarrak aldea murriztu eta azken kolpeetan lortu zuen garaipena eta jaka berde preziatua, munduko sailkapeneko lehen postura itzuliz. Hori eskuratzen duen bigarren golf-jokalari euskalduna da, Txema Olazabalek 1994an eta 1999an lortutako garaipenak berdinduz.

Jaka berdea Augustako Masterra irabazten duten golf-jokalariei ematen zaien oroigarria da. Jantzi hori urte betez izan dezakete garaileek, Augusta National Golf Clubera itzuli aurretik. Rahmek berea eskuratu du Mastersa irabazi ostean, eta bere bigarren major, edo txapelketa nagusia, eskuratu ondoren. 

Gainera, barrikoztarra jaka berdea janzten duen bigarren golf-jokalari euskalduna da, Txema Olazabalek 1994an eta 1999an lortu zuen marka berdinduz. Hondarribitarra izan zen Rahm zoriondu zuen lehenetarikoa eta garaileak kontatu duenez, "beste askoren artean lehena dela esan zidan. Uste dut elkarrizketak gehiago iraun izan balu biok negarrez bukatuko genukeela. Historia errepikatzea gustatzen zait". 

Eduardo Celles getxoztarra Rahmen lehen entrenatzailea izan zen eta bere garaipena Frantziako Tourreko maillot horia irabaztea bezalakoa dela azpimarratu du: "Jonek egokitzen jakin du; ez da bere errutinetatik irten, eta kontzentratuta egon da denbora guztian. Horrek erakusten du gaur egun duen konfiantza eta golferako gaitasun ikusgarria".

Garaipen honegaz, Barrikako golf-jokalariak daborduko urteko laugarren txapelketa irabazi du, eta munduko lehen postuan finkatu da. Halaber, barrikoztarrak Augustako Mastersa eta Estatu Batuetako Irekia irabazten dituen lehen golf-jokalari europarra ere da.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun