Itsas Merkatua

Itsasoari lotutako produktuak nagusi izango dira Barrikan ekainaren 2tik 4ra

Erredakzioa 2023ko mai. 26a, 09:06

Itsaskiak izango dira aste-akabu horretako protagonistak. FREEPIK

Ekainaren 2tik 4ra bitartean, familian gozatzeko hamaika jarduera egongo dira Barrikan. Izan ere, Itsas Merkatua bueltatuko da udalerri horretara aste-akabu horretan.

Ekainaren 2an, barikuan, 17:00etatik aurrera, Barrikako herritarrek aukera izango dute adin guztietarako saltoki, tailer eta jardueraz gozatzeko, asteburu osoan izango den Itsas Merkatuan. Merkatuko protagonista, ezinbestean, mariskoa izango da. Itsaski bizidunen saltokiak jarriko dituzte, eta, ondoren, sukaldean prestatu, bisitari guztiek itsasoko produktuen dastatzeaz goza dezaten. Era berean, ostra-tailerra, olio-dastatzea eta Jerteko haraneko gerezien dastatzea egingo dute. Beste saltoki batzuetan, krepeak, txakolina, produktu naturalak, gozokiak, euskal pastela eta taloa ere egongo dira, besteak beste. Artisautza-tailer bat ere egongo da, horren zaleentzat.

Txikienek zenbait jardueraz gozatu ahal izango dute, hala nola ohe elastikoez eta wipe out-az, tenis-pisten aparkalekuan. Domekan, ekainak 4, berriz, disko-festa izango da Xaiborren kamioian, eguerdian. Geroago, arrastian, Liuba eta Oliver magoen emanaldia izango da. Globoflexia-tailerra ere egingo dute.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun