Barrikako Udalak herritarrak kontzientziatu gura ditu udalerriko hondakin ugariak direla eta

Nahia Martinez Gondra 2023ko uzt. 17a, 12:47

Barrikako Udaleko alkate Itziar Unibasok nabarmendu du herritar guztien konpromisoa dela udalerria garbi eta jasangarri mantentzea.

Edukiontziak gaizki erabiltzeagatiko "kezka" adierazi du Barrikako Udalak, eta, horregatik, uste du beharrezkoa dela barrikoztarrak arazo horri buruz informatzea eta kontzientziatzea. Izan ere, helarazi duen mezuaren arabera, edukiontzi marroian edozein hondakin mota uzten dute herritar askok. Halaber, azpimarratu du zabor inpropio kantitatea handia dela eta hori ezin dela konpostatu, ingurumen kalteak ez ezik kalte ekonomikoak ere eraginez.

Barrikako Udalak zabaldu duen mezuaren arabera, egun barrikoztar bakoitzak 1,53 kg hondakin sortzen ditu egunero, zehazki, 558 kg inguru urtean; eta, horietatik, % 40 inguru hondakin organikoak dira. Adierazi duenez, nahiz eta udalerriko bizilagun askok bio-hondakinak behar bezala banatzen dituzten -Udal Hondakinen Ordenantzak eskatzen duen bezala-, beste askok edukiontzi marroian edozein hondakin mota uzten dute. Hala, egoeraren larritasuna azpimarratu du tokiko Udalak: "Gogoan izan behar da etxeko soberakin organikoen konpostajeak 69 euro/tona kostatzen duela. Ostera, nahastutako hondakin guztiak edukiontzi grisean uzten badira, horien tratamenduak 122 euro/tona balio du, ia bikoitza. Horregatik guztiagatik, gure etxeetan egunero sortzen dugun zaborra behar bezala bereizteko beharra azpimarratzen jarraitu nahi dugu".

Halaber, gogorarazi du askotariko edukiontziak daudela eskuragai udalerrian hondakinak behar bezala uzteko, besteak beste: marroia, etxeko materia organikoa uzteko, bai landare-jatorrikoa, bai animalia-jatorrikoa –Udalak doan eskaintzen dituen poltsa konpostagarriak erabili behar direla gogorarazi du–; urdina, papera eta kartoia uzteko; iglu berdea, beirazko botila eta flaskoentzat –aldez aurretik tapak, tapoiak eta kortxoak kendu behar dira–; edukiontzi horia, plastikozko, aluminiozko eta metalezko ontzi arinetarako, tetrabriketarako, poliespanezko erretiluetarako etab.; laranja, erabilitako etxeko olioarentzat; zuria, berrerabiltzeko produktuak uzteko, hala nola arropa, oinetakoak, jostailuak, liburuak eta etxetresna elektriko txikiak; edukiontzi grisa, birziklatu ezin diren hondakinetarako, besteak beste, pixoihalak, konpresak, erratzez garbitu osteko hondarrak, zigarro-mutxikinak, erabilitako moltsoak, animalia-gorotzak, katuen hareak, etab.; eta, azkenik, Inausgunea, etxeetako inausketetatik datozen landare-hondarrak uzteko –Udalak nabarmendu du horretan debekatuta dagoela landare palmazeoen hondarrak uztea–.

Bestalde, adierazi du tamaina handiko hondakinak biltzeko zerbitzua ere dagoela, astelehen eta bariku goizetan egiten dena. Hala, hondakinak edukiontzien ondoan utzi behar dira aurreko eguneko azken orduan (domekan eta eguenean), eta debekatuta dago obretako eta eraikuntzako hondakinak, konketak eta abar botatzea. Izan ere, horretarako garbigunea erabili behar dela azpimarratu du Udalak.

Bukatzeko, herritarrak kontzientziatzeko asmoz, gogorarazi du hondakinak bereizteak birziklatzeko aukera ematen duela: "Birziklapenari esker, hondakinak lehengai bihurtzen dira beste prozesu batzuetarako, eta, aldi berean, energia eta uraren beharra murrizten da. Horrela, ekonomia zirkularra sustatzen da, prozesuak jasangarriago eta eraginkorrago bihurtuz".

Halaber, Barrikako Udaleko alkate Itziar Unibasok nabarmendu du herritar guztien konpromisoa dela udalerria garbi eta jasangarri mantentzea, eta horregatik eskatu du hondakinak era egokian banatzea: "Edukiontzietatik kanpo poltsarik ez uztea eta hondakinak ez nahastea eskatzen dugu. Frakzio bakoitza bere edukiontzira bota behar da”.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun