Gurasoentzako euskara ikastaroan izena emateko epea ireki dute Barrikan

Erredakzioa 2023ko ira. 15a, 13:10

Barrikako Udalak oinarrizko euskara ikastaroa eskainiko du gurasoentzat. Ekimenaren helburua da hizkuntzaren erabilera sustatzea eta, gainera, horiekaz A1 edo A2 titulua eskuratzeko aukera izango dute. Izen-ematea urriaren 16an amaituko da eta eskolak hurrengo egunean hasiko dira.

Izena emateko epea gaur, irailak 15, ireki dute eta urriaren 16an amaituko da. Eskolak urriaren 17an hasiko dira, eta martitzen eta eguenetan izango dira, 17:00etatik 19:00etara. Bestalde, matrikula eta maila nahikoa egonez gero, beste klase bat egongo da 19:00etatik 21:00ak arte.

Ikasturtearen prezioa 75 eurokoa da hiruhileko bakoitzeko. Plazak mugatuak dira, eta erroldatutakoek izango dute lehentasuna, baita diru-laguntza jasotzeko aukera ere. Horrez gainera, taldea osatzeko gutxienez sei pertsona egon beharko dira.

“Barrikako Udalaren iritziz, gurasoek euskara ikastea garrantzitsua da; izan ere, horrela, txikiek, ikastolan ez ezik, beste leku batzuetan ere hitz egiten jarraitu ahal izango dute, eta horrek hizkuntza sustatzen jarraitzea ahalbidetuko du”, azaldu du Itziar Unibaso Barrikako alkateak.

Informazio gehiagorako, interesdunek Barrikako liburutegira jo dezakete, astelehenetik eguenera, 17:00etatik 20:00etara, eta barikuetan, 10:00etatik 13:00etara. Era berean, 946 775 163 telefonoa eta liburutegia@barrika.eus helbide elektronikoa ere erabilgarri izango dituzte.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun