Txikienentzako hainbat jarduera antolatu dituzte Barrikan datozen asteetarako

Erredakzioa 2023ko ira. 19a, 12:46

Barrikako Udalak haurrentzako eskolaz kanpoko ekintzez betetako agenda jarri du martxan. Jarduerak irailaren bigarren hamabostaldian izango dira, eta helburua txikiei balio garrantzitsuak irakastea da, jolas eta tailerren bitartez. Lehenengo ekintza barikuan izan zen.

Irailaren 22an, 18:00etan, Ander Deuna Aretoan, Ludotekak Jolas Erraldoiak antolatuko ditu 5 eta 12 urte bitarteko haurrentzat. Izena emateko, 946 775 163 telefonora deitu edo mezua bidali beharko da liburutegia@barrika.eus helbidera.

Irailaren 29an, 17:00etatik 19:00etara, frontoian, Inguru Minguru tailerrak egingo dituzte, 4 urtetik gorako haurrentzat. Tailerrak ingurumenari eta birziklatzeari buruzkoak izango dira.

Bukatzeko, egun berean, hau da, irailaren 29an 18:00etan, “Eta beste leku batean bizi bazina?” tailerra antolatuko dute liburutegian, 5 eta 12 urte bitarteko haurrentzat. Interesa dutenek aldez aurretik izena eman beharko dute aurreko bide bera erabilita.

“Barrikako Udalaren iritziz, funtsezkoa da haurren bizitza soziala eta hezkuntza sustatzea. Beraz, Udala garen heinean, eurentzat garrantzitsuak diren balio eta ikaskuntzak modu dibertigarri eta entretenigarrian irakasten dituzten jarduerak eskainiko ditugu”, azaldu du Itziar Unibaso Barrikako Udaleko alkateak.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun