Orain dela bederatzi urte abiatu zuten Barrikan udalerriko lekuen izenak eta kokapenak ezagutarazteko lan hori, tokiko Gertuko Kultur Elkartearen eskutik. Orduan, TopoBarrika izeneko boluntario-taldea sortu zuten, sei kidez osatuta, eta talde horrek garatu eta burutu ditu barikuan aurkeztuko dituzten lanak.
Denboraldi horretan, arduradunek azaldu dutenez, taldeak material ugari ikertu ditu, eta udalerria hamar sektoretan banatu dute. 2022ko udan amaitutzat eman zuten ikerketa-aldia, 958 toponimo pilatuta, eta lana ezagutarazteko faseari ekin zioten. Ildo horretan, aurkitutakoa gizarteratzeko modurik egokiena liburu formatu klasikoa zela pentsatu zuten, baita edukia web-formatuan argitaratu ere.
Malgutasunagatik, iragarri dutenaren arabera, azken formatu horretan irakurleei eskainitako atal bat egongo da, interesa duten pertsonek lantaldeari ekarpenak helaraz diezazkioten, hala nola argazkiak, argibideak, iradokizunak eta zuzenketak, "azterlan toponimikoaren azken bertsioa ekarpen kolektiboagaz zuzendu eta eguneratu ahal izateko". Hala, aurrerago, auzolanari esker aberastutako liburuaren edizio berria plazaratu liteke.