Beste urte batez, urriaren 31n, neguko solstizioaren hasieragaz eta Domu Santu Egunaren bezperagaz batera, Barrikak Arimen Gaua ospatuko du, Barrikako Udalak antolatutako hirugarren edizioan.
Udalak gogoratu duenez, euskal ospakizun honen jatorria duela mende batzuk jasotako tradizio zelta da, hala nola kalabazak edo arbiak hustea, aurpegi itxura emanez eta barruan kandela bat sartuz, farolak piztuz eta abar.
Aurten, ospakizunari hasiera emango dion jarduera 18:00etan izango da, Elexaldeko frontoian, eta “Ipuin Beltzak” izango du izenburua. Amelik eta Xirrikituen Jostunek egindako ipuin kontaketa musikatua da, 4 eta 12 urte bitarteko haurrei zuzendua egongo da. Familiek parte hartzeko dinamikak egongo dira, guztiek ondo pasatzeko aukera izan dezaten.
Ondoren, familientzako tailerrak ere egongo dira; gerturatuko diren guztiak mozorrotuta joateko gonbidapena egin du Udalak.