"Barrikako Udalean gaudenok uste dugu erantzukizun handia daukagula geure hizkuntza sustatzeko, eta, horrenbestez, euskararen erabilera indartzen lagunduko duen jarduera eta tailer oro sustatzen jarraitzen dugu, uste baitugu gure kultur nortasunaren parte dela”, adierazi du Euskara zinegotziak, Gixane Muñizek.
Eguna hasteko, Dantza Plaza egingo dute. Horretarako, Patxi eta Konpainia izango dute bidelagun Elexalde pilotalekuan, 12:00etan. Horregaz batera, indarrak batu gura duenak, edo sinpleki mokadu bat jan gura duenak, hamaiketakoa egongo da aukeran.
Arrastian, udaletxeko plazan, 18:00etan, barrikoztar txikienek Kantu Kolore taldearen musikagaz dantza egiteko aukera izango dute. Jarduera hori Kulturaldia 2023 programaren barruan dago, eta Barrikako Udalak eta Uribe Kostako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak antolatu dute ekimena, eskualdean euskararen erabilera sustatzeko eta indartzeko xedez.