Askotariko jarduerak antolatu dituzte Barrikan abendu honetarako

Erredakzioa 2023ko abe. 5a, 11:51

Besteak beste, Olentzerori eta Mari Domingiri harrera egingo diete abenduaren 23an.

Abenduagaz, hotza eta Gabonak ate joka ditugula, umeentzako hainbat jarduera antolatu dituzte Barrikan egunotarako. Berbarako, ludotekak hainbat tailer egingo ditu, hala nola abenduaren 15ean, barikuan, Gabonetarako apaingarriak egitekoa, 18:00etan. Gainera, abenduaren 16tik urtarrilaren 1era, Umeentzako Gabon Parkea egingo dute.

Ludotekak bigarren tailer bat egingo du abenduaren 22an (barikua) 18:00etan:  Txikitxef sukaldaritza tailerra. Tailerrok 5 eta 12 urte bitarteko umeei zuzenduta daude, eta izena emateko 946 775 163 telefonora deitu edo liburutegia@barrika.eus helbidera idatzi beharko da.

Gabonetako sasoirako, UGP txiki bat jarriko dute, ohe elastikoekin eta wipe out-arekin. Jarduera hori frontoiaren eta udaletxearen artean egongo da abenduaren 16tik 24ra, eta udaletxeko plazan, berriz, abenduaren 24tik urtarrilaren 1era bitartean.

Abenduaren 20an, eguaztenean, ipuinaren ordua egingo dute liburutegian, 4 eta 7 urte bitarteko umeei zuzenduta.

Abenduaren 23an, zapatuan, umeek gehien maite duten unea iritsiko da: Olentzerori eta Mari Domingiri harrera. 18:00etatik 20:00etara egingo dute, udaletxeko plazan.

Amaitzeko, abenduaren 29an, 11:30ean, Ander Deuna Aretoan, txikienek haurrentzako ikuskizuna izango dute gozagarri: Etxean Goxo txotxongilo antzezlana, Gertuko Elkarteak antolatuta.

Gabonetako azoka

Horrez guztiaz gainera, hilaren 16an eta 17an, adin guztietarako "ekitaldi magikoa" egongo da gozagai: Gabonetako Azoka. Gastronomia dastatzea, tailerrak, magia ikuskizuna, ipuin-kontalariak eta haurrentzako jolasak egongo dira, besteak beste.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun