Jarduerez eta magiaz betetako Gabonetako azoka izango du Barrikak aste-akabuan

Erredakzioa 2023ko abe. 13a, 11:57

© BARRIKAKO UDALA

Barrikako Udalak hainbat jarduera antolatu ditu abenduaren 16-17rako, Gabonetako azokaren baitan. Egun bietan egitaraua errepikatuko da, 11:00etatik 20:30era arte, frontoiaren eta udaletxearen artean. Tarte horretan, askotariko jarduerak eskaintzeaz gainera, taloa, euskal pastela, ostrak, gazta, zezina eta bestelako hainbat produktu eskainiko direla iragarri dute udal-iturriek.

Umeek ohe elastikoak eta wipe out-a izango dituzte. 11:30ean makrame-tailerra ere izango da elizako arkupeetan, euria egiten badu. 12:00etan, gastronomiaren zaleek olio-dastatzea izango dute udaletxeko plazako karpan. Jarduera horretarako plaza kopurua mugatua da.

Bizkaiko lau mago onenak izango dira Barrikan. Ikusleei azaldu ezin diren gertakarien karrusel bat jarriko zaie begien parean, hala nola mentalismo-ariketak, eskapismoa, agertze eta desagertzeak... Hori guztia, ikusleen parte-hartzeagaz, eta umorea funtsezko osagaia izanda.

11:30etik 14:30era, umeek magia tailerrak izango dituzte frontoian. Daniel Ross magoak, bere laguntzaileagaz batera, magia-tailerra egingo du 6 urtetik aurrerako umeentzat, 20ko talde txikietan. Tailerrak hainbat txandatan egingo dituzte, magia aurrez aurre ikusteko aukera eduki dezaten. Magia-jokoak egiten irakatsiko zaie, eta etxean praktikatzeko behar duten material magiko guztia emango zaie.

Aldez aurretik izena eman beharko da tailerrotan parte hartzeko. Horretarako aukera izango da eguenean, 17:00etatik 20:00etara, eta barikuan, 10:00etatik 13:00etara, liburutegira deituta (946 775 163) edo liburutegia@barrika.eus helbide elektronikora mezu bat bidalita.

Era berean, 11:30etik 13:00etara, txikiek ipuin-kontaketara joateko aukera ere izango dute, elizako arkupeetan, euria egiten badu.

Beste makrame-tailer bat egingo da 13:00etan, elizako arkupeetan, eguraldi txarra izanez gero. Baita beste bi olio-dastatze, bata 14:00etan eta bestea 17:00etan, biak udaletxeko plazako karpan. Jarduera horrek plaza kopurua mugatua izango du.

Zapatu eta domeka arrastian, beste bi magia ikuskizun izango dira barrikoztarrentzat. Alde batetik, hilaren 16ko arrastian, 18:00etan, bi magok egingo dute emanaldia Barrikan: Eneko Gutierrez magoak eta Daniel Ross magoak. Bestetik, 17ko arrastian, Blue eta Asis Hansson magoen saio ikusgarria izango da, Daniel Ross magoaren aurkezpenaren ukituagaz.

Amaitzeko, 19:00etan beste olio-dastatze bat egingo dute, aurrekoen leku berean, eta, kasu horretan ere, leku kopuru mugatuagaz.

“Udalak dei egiten die familiei, asteburu horretarako Barrikan antolatutako jardueretan parte har dezaten. Oso asteburu berezia dugu eskaintzeko, Gabonetako Azoka batekin, produkturik onenekin, askotariko jarduerekin, eta galdu ezin dituzuen ekitaldi magikoekin. Animatu Barrikara etortzera!", esan du Itziar Unibasok, Barrikako alkateak.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun