Barrikako Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiko Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko Sailak eta Nekazaritza Garatzeko Zerbitzuak antolatutako tailerren sorta amaitzen ari da, hurrengoa azken-aurreko tailerra izango baita.
Hurrengo tailerra urtarrilaren 13an izango da, 11:00etatik 14:00etara, Ander Deuna aretoan. Tailer horretan, bota beharrean, jantziak nola konpondu eta berritu irakatsiko zaie parte-hartzaileei. Parte-hartzaileek josten, adabakiak egiten eta arropa pertsonalizatzen ikasiko dute, eta, horri esker, arroparen bizitza baliagarria luzatu, eta sortzen ditugun ehun-hondakinen kopurua murriztu ahal izango dute. Halaber, ehungintzaren ingurumen-kostua aztertuko dute, kontuan hartuta zenbat mila litro ur behar diren jantzi bat egiteko, herrialde ekoizle oso urrunetatik egindako garraioaren ingurumen-kostua, etab.
Tailerra doakoa da, eta Ingura enpresako ingurumen-hezitzaileak emango du. Plazak mugatuak dira, eta 8 urtetik gorakoentzat daude irekita. Interesa dutenek liburutegia@barrika.eus helbidera mezu bat bidaliz eman beharko dute izena, edo liburutegira bertara joanda, astelehenetik eguenera, 17:00etatik 20:00etara, edo barikuetan, 10:00etatik 13:00etara.
Sukaldaritza tailerra
Murrizketari, berrerabilerari eta birziklapenari buruzko azken tailerra urtarrilaren 27an izango da. Azken tailer hori Zero Waste xahutzerik gabeko sukaldaritzari buruzkoa izango da, errealitate gordin horri irtenbidea aurkitzeko asmoz.
“Barrikako Udalean, uste dugu funtsezkoa dela hondakinen kudeaketaren eta analisiaren egungo errealitatearen berri ematea, hondakinek ingurumenean duten eragina eta larrialdi klimatikoa azaltzea, eta haurrak eta nerabeak hondakinen inguruan sentsibilizatzea. Horregatik jarraitzen dugu eta jarraituko dugu mota horretako ekimenetan lanean”, azaldu du Itziar Unibaso Barrikako alkateak.