Azken tailer hau Zero Waste sukaldaritzari buruzkoa izango da. Antolatzaileek ohartarazi dutenez, 1.400 milioi hektarea lur (munduko nekazaritza eremuaren % 28) erabiltzen dira urtero jaten ez diren elikagaiak ekoizteko. Horiek alferrik galtzea da berotegi-efektuko gasen igorle nagusia, urtean 3.300 milioi tona karbono dioxido (CO2) isurtzen baitira atmosferara. Jarduera honetan, xahutzerik gabeko sukaldaritza tailer bat egingo da, errealitate gordin horri irtenbidea aurkitzeko asmoz. Horretarako, parte-hartzaileek aprobetxamendu-errezetak egingo dituzte.
Tailerra doakoa da, eta Ingura enpresako ingurumen-hezitzaileak emango du. Plaza kopurua mugatua da, eta 8 urtetik gorako edozein pertsonari irekita daude. Interesa dutenek liburutegia@barrika.eus helbidera mezu bat bidaliz eman beharko dute izena, edo liburutegian bertan, astelehenetik eguenera, 17:00etatik 20:00etara edo barikuan, 10:00etatik 13:00etara.
“Uste dugu garrantzitsua dela gazteenei balio horiek irakastea; izan ere, etorkizunean haiek zaindu beharko dute gure planeta. Beraz, nahiz eta sail hau itxi, herritarrak hezten eta kontzientziatzen lagunduko duten ekimenak lantzen jarraituko dugu”, azaldu du Itziar Unibaso Barrikako alkateak.