2023ko azaroaren 8an, Barrikako Udalaren Hirigintza Sailak Bizkaiko Foru Aldundiari jakinarazi zion aukera egon zitekeela aurreratzea debekatzeko Txintxilandia eta Zearreta biribilguneen artean, hau da, Barrikako 3114 Foru Errepidearen zati batean. Proposamenaren helburua erabiltzaile eta bizilagunei segurtasun handiagoa ematea zen.
Urte bereko azaroren 23an eman zitzaion baiezkoa eskari horri. Horrenbestez, seinale bertikal eta horizontal berriak jartzea baimendu zen.
Udalak azaldu duenez, jarduketa hori egitearen arrazoia da zenbait jabegotarako sarbideak daudela noranzko bietan, eta, ondorioz, arriskutsutzat jotzen dela aurreratzeak egitea, trafiko-araudia beteta ere. Beraz, neurri honen bidez segurtasun handiagoa eman gura zaie Barrikatik igarotzen diren erabiltzaile eta herritarrei. Seinale bertikalak ipinita eta horizontalak margotuta daude daborduko, eta, hortaz, neurria indarrean dago.