Inauteriakaz batera, Barrikak tostadarik gozoena bilatuko du, urteroko lehiaketan. Aurtengoa hamabosgarren edizioa izango da eta, ohi legez, parte-hartzaileek 12 tostada aurkeztu behar izango dituzte, barrako –azalagaz edo azalik gabe–, moldeko edo brioche ogizkoak, otsailaren 13an. Tostadak udaletxeko etxabean aurkeztu beharko dira, 18:00etatik 18:30era. Epaimahaiak azkenburuko horien zaporea, testura eta aurkezpena –ezin da apainketarik jarri– baloratuko dute eta, irabazleek, hiru bonu jasoko dituzte herriko dendetan kontsumitzeko. Parte hartzeko, izena eman beharko da udal-liburutegian, otsailaren 12ko 20:00ak baino lehen. Une horretan, tostadak aurkezteko erretilu bat jasoko dute herritarrek.
Lehiaketa adinez nagusientzako izango da, baina txikitxoenentzako ohitura honetaz gozatzeko aukera ere egongo da egunotan. Izan ere, otsailaren 11n, 6 eta 12 urte arteko neska-mutilentzako tostada-tailerra egingo dute Ander Deuna kultur aretoan, 12:00etatik 13:30era. Plazak mugatuta egongo dira eta, hori dela eta, otsailaren 9a baino lehen eman beharko da izena, liburutegian bertan.
Inauterien bueltako ohitura da hori guztia eta, nola ez, aratusteetan txonbo egingo dute barrikoztarrek ere. Hala, zapatuan, otsailaren 10ean, hainbat jarduera egongo dira gozagai Ander Deuna aretoan, 18:00etatik aurrera.
Egitaraua
Otsailak 10, zapatua
Ander Deuna aretoan
- 18:00 Txalaparta tailerra.
- 18:30 Diskofesta.
- 20:00 Askaria.