M8ko ekitaldien barruan, proposamen hau emakume askok deskonektatzeko eta euren osasuna eta ongizatea zaindu ahal izateko gune fisiko eta mentalik ez dutela ikusita sortu du Mankomunitateak. "Beren denboraren eta adimenaren zati handi bat beste pertsona batzuen beharrei eta nahiei erantzuten aritzen dira, eta askotan zailtasunak izaten dituzte euren beharrak eta nahiak lantzeko eta asetzeko, beren pasio artistikoak pizteko, garatzeko eta gozatzeko", azaldu dute antolatzaileek.
Jarduera honen bidez, gertuko topaketa parte-hartzailea sortu gura dute, hausnarketa eta balio-aldaketa bultzatzeko. Hausnarketa egiturazko alderdietatik hasi eta emakumeen zaintzaren gaineko pertzepzio intimo eta emozionalari buruzko gaietaraino iristen da. Emakumeek talde-tailer batean aktiboki parte hartzea lortu gura dute. Norberaren behar fisiko eta emozionalen autoaurkikuntza pertsonala erraztuko duen tailerra, arte plastiko eta adierazkorren bidez, modu sortzailean, errespetuz, librean eta eraldatzailean.
Mankomunitateak eta Aupada Elkarteak antolatuta, emakumeentzako tailer hau apirilaren 12an, barikuan, egingo dute, Barrikako Emakumeen Hitza Elkartearen egoitzan, 17:00etatik 20:00etara.